'Cabacas auzia'

Azken erabakia tokian dagoen arduradunarena dela dio Aldekoa ertzainburuak

Hirugarren eguna izan du gaurkoa epaiketak. Honakoan ere auzipetuak ez dira aretoan egon. Lekukoen arabera, ertzainek "zuzen" zituzten armak tiro egin zutenean, eta ez airera zuzenduta eurek esan bezala.

'Cabacas auziko' epaiketaren hirugarren saioa. GOTZON HERMOSILLA
gotzon hermosilla
2018ko urriaren 17a
07:20
Entzun

Sei ertzain auzipetuek adierazi zuten "pilotarik gabe" edo "airera" egin zutela tiro 2012ko apiril hartan, eta jendetzak harrika hartu zituela ertzainak iritsi zirenean, pilotak jaurtitzea "beste biderik" ez zutela izan. Ordea, lekukoek besterik diote. Ertzainek ez zutela ohartarazpenik egin tiro egiten hasi aurretik, eta ez zegoela arrazoirik tiro egiteko.

Lekukoen arabera, izan ziren erasoak iraun zuen bitartean ertzainei gauzak bota zizkietenak, baina ez "berrehun inguru" haiek esan bezala, "dozena erdi bat lagun" baizik. Maria Diaz de Haroko bizilagun batek lau bat gazte ikusi zituen botilak botatzen. Harritu egin zen, ertzainak haiengana joan beharrean kalezulora tiroka ari baitziren.

Kale bereko etxe batean zegoen beste lekuko bat leihora irten zen tiroak entzun zituenean eta ertzain bat ikusi zuen tiroka. Aldiz, ez zuen inor ikusi gauzak botatzen: "Ia ez zegoen jenderik". Lekuko horrek berak zehaztu du ertzainek "zuzen" zutela eskopeta tiro egin zutenean. Gotzon Hermosilla izan da saioa jarraitzen:

Cabacas artatu zuten DYAko larrialdietako teknikarietako bat

-SOS Deiak-en abisu bat jaso zuten, eta Maria Diaz de Haro kalera jo zuten, baina han inork ez zien argibiderik eman. Handik joatea erabaki zuten.

-Geroago, Ertzaintzaren beste dei bat jaso zuten, eta kalexkara jo zuten. Han Cabacas artatu zuten.

-Bere hasierako deklarazioan esan zuen ez zuela istilurik ikusi, eta jendeak "hil egin duzue!" oihukatzen zuela. Orain dio ez duela ezer gogoratzen.

Maria Diaz de Haro kalean zegoen lekuko bat

-Tiroak entzun zituenean leihora atera zen. Ertzain bat tiroka ikusi zuen. Ez zuen inor ikusi gauzak botatzen: "Ia ez zegoen jenderik". Tiroka ikusi zuen ertzainak eskopeta "zuzen" zeukan.

Kale bereko beste bizilagun bat

-Bizilagun honek ere ez zuen istilurik ikusi ertzainen tiroak entzun arte. Jendea ihes egin nahian ikusi zuen.

-Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean lau bat gazte ikusi zituen botilak botatzen. Harritu egin zen, ertzainak haiengana joan beharrean kalezulora tiroka ari baitziren.

-Pertsona batzuk ertzainak lasaitu nahian zeuden, baina ertzainek "jarrera bortitza" zuen: "Absurdua zen".

Maria Diaz de Haro kalean lan egiten duen emakume bat

-Ez zuen ezer arrarorik ikusi ertzainen tiroak entzun arte. Ondoren, gazte batzuk ikusi zituen botilak jaurtikitzen. "Gutxi" ziren, eta ez zuten aurpegia estalita. Ihes egiten ari zen jendetza ez zen ezer botatzen ari.

-Ertzainak "aurrez" ari ziren tiro egiten, eta ez gora begira.

Kirruli tabernako langile bat

-Lekukoaren arabera, kaleko loreontziak zoruari itsatsita daude, eta ezin dira mugitu. Aurrekoan, ertzain batek esan zuen loreontziak bota zizkietela.

-Lanean ari zela, tiroak entzun zituen. Lehenago ez zuen istilurik ikusi. Pilota bat oso gertutik pasatu zitzaion. Jendea tabernan babestu zen. "Izututa eta negarrez" zeuden.

-Cabacas lurrean ikusi zuen, eta harengana jo zuen. Ertzain batek handik aldendu zuen, "modu bortitzean".

-Agintari itxura zuen ertzain batengana jo zuen. Hark ez zuen aurpegia estalita. Ertzainak esan zion berriro tabernara sartzeko, bere kideak "oso bero" zeudelako.

-Azkenean, ertzain horrek baimena eman zion taberna barruan zegoen jendea atera zedin, baina bosteko taldeak eginda eta Poza kalerantz, ertzainak "urduri" zeudelako.

Jorge Aldekoa ertzainburua

-Azaldu du tokiko arduraduna 3389 agentea zela (akusatuetako bat), eta furgoneta guztien gaineko agintea zeukala.

-Ertzain honek berretsi du Ugartekok zentralizatzen zituela informazioak, eta aginduak emateko ahalmena zuela.

-Epaileak galdetuta, agenteak dio "tokian tokiko informazioa duen agintariak" erabaki behar duela azken finean, nahiz eta polizia etxetik mota bateko edo besteko aginduak jaso.

-Ertzainek urtean zenbat tiro ariketa eta zenbat ikastaro egiten dituzten galdetuta, ertzainburuak ziurtatzen du ertzainak "prestatuta" daudela, baina ez du erantzun zehatzik eman.

Espainiako Poliziaren komisario bat

-Jendez betetako plaza batean dozena erdi lagun botilak jaurtikitzen ari badira, ez da gomendagarria pilotak erabiltzea. Era berean, ez da gomendagarria 50 metro baino gertuagotik tiro egitea.

-Komisarioak aitortu du haiek ere aldaketak egin dituztela euren prozeduretan Cabacasekin gertatutakoaren ondorioz.

-"Begien bistakoa da kautxozko pilota bat, abiadura handiz eta gertutik jaurtikia, hilgarria dela".

Iñigo Cabacasen lagun bat

-Harekin eta neska batekin zegoen. Neska lasaitzen saiatu ziren ertzainen erasoa hasi zenean. Baina beste lagun batengana joan zen gero, hura eskuak altxatuta zegoelako eta arriskuan zegoelako. Biak ezkutatu ziren, eta orduan entzun zuten zauritu bat zegoela.

-Mobila eskuan, ertzainengana jo zuen, laguntza eske, eta anbulantziari deitzeko galdeginez. Ertzainak borra kolpeka hartu zuen, eta ihes egin behar izan zuen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.