Klima larrialdia

Azken mendeko udarik beroena izan da hau Europan

Copernicus zerbitzuak kaleratutako behin-behineko txostenaren arabera, alde handiak izan dira Europako eskualde batzuetatik besteetara.

Gizon bat, bere burua freskatzen, Cordoban (Espainia). SALAS / EFE
2021eko irailaren 7a
16:44
Entzun

Copernicus zerbitzuak bildutako datuen arabera, azken mende osoko hiruhilekorik beroena izan da pasatu berri den hau Europako kontinentean. Hain zuzen ere, gradu bat beroagoa izan da, batez beste, 1991-2020ko aldiko udak baino.

Ekain, uztail eta abuztuko tenperaturak jaso ditu Europako Batasuneko klima aldaketarako datuak biltzen dituen Copernicus (C3S) zientzia zerbitzuak. O,1 gradu beroagoa izan da aurtengoa 2010ekoa eta 2018koak baino. Copernicusek azken hamarkadako datuak jaso ditu, baina ehunka estazio meteorologikotan bildutako 100 urteko datu fidagarriak dauzka eskura.

C3Sk emandako datuen arabera, mundu mailan, aurtengo abuztua beroenetan hirugarrena izan da, 2017koarekin batera. 1991-2020 aldikoak baino 0,3 gradu beroagoa, hain justu ere. Europari dagokionez ere, batezbestekoaren paretsu ibili da aurtengoa. Hala ere, alde handiak izan dira eskualdetik eskualdera. Ekialdean eta Mediterraneoan beroa izan da, eta kontinente iparraldean, batezbestekoa baino hotzagoa, oro har.

Errekor batzuk ere eman ditu. Esaterako, abuztuaren 12an neurtu zuten Sizilian (Italia), Siracusa hirian, kontinentean inoiz jasotako tenperaturarik beroena: 48,8 gradu. Aurreko errekorra 1977an izan zuten, Atenasen: 48 gradu.

Uztaila, ordea, inoizko beroenetan bigarrena izan zen Europan, 1,4 gradu epelagoa aurreko hiru hamarkadetakoen batezbestekoa baino. Mundu mailan, beroenetan hirugarrena izan zen uztaila.

Tenperaturen gorabeherei ez ezik, izotzen garapenari ere erreparatzen dio C3Sk. Aurten, esate baterako, izotz hedadura ere txikia da Artikoan, baina txikiena izan duten urteetan baino handiagoa. Izan ere, 2012an, 2019an eta 2020an baino handiagoa zen izotz geruza abuztu amaieran Artikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.