Azken txanpan sartzen diren traineren moduan, alderdi politikoek dena eman zuten atzo. Batez ere, zalantzan dauden herritarrengana jotzeko baliatu zuten azken mezua. Esparru politikoaren ertzetan diren sektoreetara iristeko, alderdi eta koalizio bakoitzakbere taktika eta mezuak erabili ditu.
EAJk, azken txanpan, zortzi legealditan Kongresuan egin duen lanaren eraginkortasuna goraipatu du, parlamentu taldea lortzea eta EAEn lehen indarra izateko helburuaren garrantzia azpimarratze aldera. Arerioen proiektuekin alderatzeko baliatu dute iraganeko lana. Batetik, Amaiurrek atzean proiekturik ez duela salatu dute, eta azpimarratu dute EAJren ezkutuko lanari esker dagoela ezker abertzalea bozetan «era normalizatuan».Bestetik, nabarmendu dute PP eta PSOEren aldean euskal gaiez soilik EAJ arduratzen dela. «Biek beren estrategia parlamentarioa dute, eta haietan ez da sartzen Euskadiren interesak defenditzea».
EAJk esan bezala, PPk eta PSOEk Espainiara eraman dute estropada eremua. Hala, aurretik atera duen aldearen inertziarekin iritsi da PP azken txanpara, baina arraune eragitea ahaztu gabe, eta PSOEri zeharka begiratuta. Azpimarratu dute PP dela aukera bakarra sozialisten estrategia eta beldurraren mezua indargabetzeko eta krisi ekonomikoa konpontzeko, eta marketinaren ikuspuntutik ideia sinple bezain eraginkorra erabili dute: PSOE langabeziarekin lotu dute, eta PP enpleguarekin.Klixe horri heldu diote «PPrekin gauza guztietan ados egon ez arren tunelaren amaieran argia» ikusi nahi duten herritarrengana iristeko.
Azaroaren 20ko emaitzen gaineko aurreikuspen beltzen jakitun, PPk bultza ditzakeen erreformez ohartarazteko eta ahalik eta boto galera txikiena izateko erabili dutesozialistek azken mezua. Ohartarazi dute PPk atzera egingo duela eskubide sozialetan Zapaterorekin eman diren aurrerapausoetan eta ongizate estatuan, eta PSE-EEko hautagaiek zalantzatiengana jo dute joera hori irauli dadin. Nahiz eta PPren alternatiba hobea ez dela esan, adierazpenak berak agerian uzten du PSOEren ahulgune nagusia: Odon Elorzak, esaterako, aitortu behar izan du PSOEk «huts handiak» egin dituela krisian.
Amaiurrek kanpainan hartutako olatuaren indarrarekin iritsi da azken ahaleginera, eta, igandeko fotofinish-ak zer erabakiko zain, Hego Euskal Herriko lehen indarra izatea du helburu. Lehen postu hori lortzeko asmoz, sektore abertzale eta ezkertiarrengana jo du, ireki berri den garai berri honetan koalizioa osatzen duten indarrak batzearen garrantzia azpimarratu, eta igandeko emaitzak konponbide prozesuaren berme izango direla azaldu. Hala, Amaiurrek sinbolizatu nahi duen zubiaren zutarrietako bati ezezkoa eman izana eta koalizioa «arerio bakarra balitz bezala» ikustea leporatu diote EAJri.
Nafarroan ere anbizioa erakutsi du bere helburuetan Amaiurrek. Bertan, PSNri gailendu eta bi diputatu eta senataria lortzeko erronka bota dio bere buruari. UPNri, PPri eta PSNri aurre egiten dion alternatiba erreal bakarra direla aldarrikaturik, boto bakar bat ez galtzeko deia egin diote sektore ezkertiar eta abertzaleei, boto horiek «eraginkor bihurtzeko» eta eskuinari «aurrez aurre» begiratzeko asmoz.
Nahiz eta kanpainan UPN-PPk eta PSNk eztabaida Espainian kokatu nahi izan duten, azken hondarrean PPren garaipenak Nafarroako Gobernuan izan dezakeen ondorioez aritu dira batzuk zein besteak. UPNk gogorarazi dio PSNri ekainean sinatutakoa bete behar duela, eta PSNk esan dio UPNk PPren bidetik joz gero ituna arriskuan egongo dela.
Kanpaina hasi eta buka, Geroa Baik UPNri bosgarren eserlekua kentzeko helburua jarri du, alde batetik, Uxue Barkosek bi legealditan Kongresuan «nafarren interesak» defenditu dituela aldarrikatuz, eta, bestetik, Amaiurren aldean beste proiektu bat dela azalduz.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Azken txanpa, azken mezua
PPk eta PSOEk Espainiara begira egin dute kanpaina; alderdi eta koalizio abertzaleek, berriz, Euskal Herrian jarri dute arreta osoaZalantza duten herritarren botoa erakarri nahian eman dituzte azken mezuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu