Azkenekoak lehenbiziko Otsagabian

Mendeetan Elizaren parte hartzerik ez da izan Otsagabiako Muskildako baselizako patronatuan. 1949tik da kide apaiza. Nolanahi ere, Elizak bere izenean jarri du. Auzitara jotzea erabaki zuten herritarrek larunbatean.

Muskildako ermitaren ardura patronatuak izan du mendeetan, eta orain ere bai. Artzapezpikutzak, ordea, bere izenean jarri du baseliza. J. MANTEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Harreman gozorik ez dute izan mendeetan Otsagabiako (Nafarroa) herritarrek eta Iruñeko artzapezpikuak Muskildako Amaren ermitaren harira, eta, azken urteetan, gehiago kaskartu da erlazioa. Eliz agintaririk ez da izan mendeetan ermitako patronatuan; 1949an onartu zuten herriko apaiza kide gisara. Azkena iritsi arren, lehenbiziko jarri da Eliza: patronatuaren bizkar, bere izenean jarri du baseliza.

Herritarren ardura izan da baseliza mende luzez. Patronatuko kideek —udal hautetsiek, idazkariak eta etxezainak— dute ardura ermita zaintzeko eta kapilaua eta serora aurkitzeko; urtero aukeratzen dute etxezaina. Gorabehera franko izan dute Elizarekin: gotzainak eskumikatu egin zituen otsagabiarrak 1666an, ez zielako parte hartzen uzten. Patronatuak desagertuta daude toki gehienetan; hori baliatu du Elizak ondasunez jabetzeko. Patronatua bada Muskildan, baina berdin egin du.

Presa izan zuen Elizak, gainera. Ermitak eta elizak bere izenean jartzeko abantailak 1998an eman zizkion Espainiako Gobernuak, eta urtebete igarotzerako bere eginda zeukan Muskildako Amaren baseliza. Urteetara jakin zuten otsagabiarrek, 2007an, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza zertan ari zen salatu zutenean. Hala ere, patronatuak bere horretan jarraitzen du oraindik ere; herritarrak, berriz, protestan dira: itsasgarriak jarrita joaten dira Muskildara irailaren 8a iristean.

Historiari erreparatuz gero, argi dago herriarena izan dela Muskildako baselizaren ardura, baina Elizak ez du atzera egiteko asmorik. Joan den larunbatean, urratsa egitea erabaki zuten herritarrek: auzitara joko dute artzapezpikutzaren aurka. Galdeketa egin zuten herrian, zer egin erabakitzeko. Datuak: 320 salaketa jartzearen alde, 82 aurka, eta bi boto zuri. Aukera zutenen erdiek pasak eman zuten botoa. Immatrikulazioei buruzko laugarren kasua izango da auzitegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.