Ia bi hilabeteren ostean, «fumata zuria dago». Vatikanoko hautatze sistemaren metafora erabili zuen negoziazioetako partaideetako batek atzoko bileren emaitza deskribatzeko. Ez da erraza izan. Azken orduan, aldaketa batzuk egon ziren, eta, dena lotu aurretik, Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak banan-banan deitu zituen kontseilariak. Denen baiezkoa jaso ostean, Barkosek bederatzi kontseilarien izenak ezagutarazi zituen: lau emakume eta bost gizon. Barkos bera gaineratuz gero, genero parekidetasuna izango du gobernuak. Sei kontseilari euskaldunak dira —baina horietako bat oraindik ikasten ari da—. Orain arteko gobernuak aintzat hartuta, erabateko aldaketa izango da euskararekiko tratamenduan. Adibidez, Barcinaren gobernuan ez zegoen euskaldun bakar bat ere.
Gobernua osatzeko azken txanpak bere gorabeherak izan ditu. Herenegun, akordioa lotu arte kontseilariak nor diren ez esateko konpromisoa azaldu zuten lau alderdiek, baina, atzo, egunkari batek aurreratu egin zituen bi presidenteordeen izenak. Batetik, Ekonomia presidenteorde Manu Aierdi EAJren Napar Buru Batzarreko presidente eta Geroa Baiko parlamentaria izango da. Haren ardurapean egongo da Industria, Ikerketa eta Garapena, Merkataritza, Turismo eta Sustapen departamentua. Bestetik, gizarte eskubideen presidenteordea Miguel Laparra NUPeko irakaslea izango da, eta haren ardurapean egongo da Gizarte Politikak, Etxebizitza eta Enplegua.
Deigarria da Aierdiren kasua. Izan ere, Uxue Barkosek negoziazioetan baldintza gisa gainerako alderdiei jarri zien kontseilariek kargu organikorik ez dutela izan behar, eta parlamentari kargua ere utzi beharko dutela. Aierdi Nafarroako EAJren buruzagi nagusia izaki, kontraesan ageriko horri buruz galdetu zitzaion, eta Barkosek erantzun zuen Aierdik Napar Buru Batzarreko kargua utziko duela, baita parlamentari kargua ere.
EH Bilduk bi, Ezkerrak bat
Bi izen horiez gain, hauek dira gainerako kontseilariak: Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun; gobernuko eledun eta Hizkuntza Politika, Berdintasun eta Bakegintza kontseilaria, Ana Ollo; Presidentetza, Barne, Justizia eta Gardentasunekoa, Mari Jose Beaumont; Osasunekoa, Fernando Dominguez; Hezkuntzakoa, Jose Luis Mendoza; Landa Garapena, Tokiko Administrazio eta Ingurumeneko kontseilaria, Isabel Elizalde; eta Kultura, Parte Hartze, Kirol eta Gazteriakoa, Ana Herrera.
Gobernua lotuta, Geroa Baik sei kontseilari proposatu ditu; EH Bilduk, bi, eta Ezkerrak, bat. Herenegun ekin zioten izenak aztertzeari, eta Geroa Bai prest azaldu zen hasieratik Presidentetza eta Landa Garapeneko departamentuak EH Bilduren esku uzteko. Lehen aukera gisa, Geroa Baik EH Bilduko bi izen proposatu zituen —Fermin Ziaurriz EAko parlamentari ohia eta Unai Lako Agoizko alkatea—, baina biek ezezkoa eman zuten. Azken orduan, Presidentetzarako Mari Jose Beaumonten izena eman du EH Bilduk, eta Landa Garapenerako, Isabel Elizalderena.
Ezkerrak, berriz, Miguel Laparraren izena jarri du mahai gainean, gizarte eskubideen presidenteorde izango denarena. «Esparru sozialean erronka da oso exijentea den programa bat betetzea, eta presidenteordetza horren eskumenek ziurtatzen dute hori modu osoan egitea».
Uxue Barkos, berriz, pozik azaldu zen azken emaitzarekin, eta esker ona azaldu zien lau indar politikoei: «Aldaketaren gobernu batekiko konpromisoa azaldu dute, eta, gizarte honen erronkei konponbideak bilatzeko asmoz, politika egiteko beste modu batekin zerikusi handiagoa izango du gobernuak». Haren ustez, kontseilariek «ezagutza sakona dute» euren esparruetan, eta «taldeak sortzeko ahalmena ere badute», nahiz eta denek ardura handiko kargua estreinatu.
EH Bilduko Adolfo Araizek poztasuna adierazi zuen: «Pertsona batzuek uste zuten ez ginela gai izango akordio lortzeko». Araizek nabarmendu zuenez, «bere osaeragatik, gobernuak nahikoa ahalmen izango du akordio programatikoa garatzeko». Era berean, gaineratu zuen «tresna egokia» izango dela aldaketa iraunkorra izan dadin eta ez «behin-behinekoa».
Ahal Dugu-k ez du izenik jarri mahai gainean. Laura Perezek arrazoitu zuenez, ez daude ados Geroa Baik proposatutako gobernu ereduarekin. «Ez gaude ados ardura partekatuak ez izatearekin eta presidenteak azken hitza izatearekin. Gainera, ez dago orekarik aldaketako indarren artean». Kritiko azaldu da Aierdiren presentetzarekin. Perezen arabera, kontseilarien soslaiak ikusita, batzuk «politikoegiak» dira, eta beste batzuk, «teknikoegiak». Konfiantza eman nahi dio gobernuari, eta ziurtatu du gertutik zainduko dutela akordio programatikoa betetzen den edo ez.