Kargu hartzeekin hasi da Nafarroako Parlamentua osatzeko saioa. Koldo Martinez da behin-behineko presidente, alderdiek bozketan mahaia nortzuek osatuko duten erabaki aurretik. Hitzaldi osoa euskaraz egin du, eta PPko parlamentari bat kexatu egin da. Barcinak ez ditu kaskoak jarri itzulpena entzuteko.
Parlamentuko presidente nor izango den bozkatu dute, eta Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoekin Ainhoa Aznarez izendatu du Parlamentuak. Gaurkoa "lehen urratsa" baino ez dela esan du Aznarezek.
Aldeko 26 botorekin hautatu dute Geroa Baiko Unai Hualde lehen presidenteorde; Alberto Catalan izango da bigarren presidenteordea, 17 botorekin. PPko bi parlamentarik eman dute haren aldeko botoa.
EH Bilduko MaiorgaRamirez hautatu dute lehen idazkari izateko (26 boto), eta UPNko Oscar Arizkuren, berriz, bigarren idazkari izateko (15 boto). PSN mahaitik kanpo geratu da, beraz.
PSNk ordezkaritzarik ez
Parlamentuko mahaiak kudeatzen ditu legebiltzarraren jarduera eta jorratu beharreko gaiak, eta, bere bost kideetatik hiru aldaketaren aldeko indarren ordezkariak izango dira. Zalantza zegoen, eta azkenean, UPNk hartu ditu mahaiko bi postu. Hala, entzungor egin dio atzo Uxue Barkosek eginiko eskaerari.
Izan ere, mahaiko bosgarren kidea PSNren esku uzteko eskatu zion UPNri, hots, bigarren idazkaria sozialisten esku uzteko eskatu zion, mahai horrek Nafarroako gizartea "ahalik eta egokien" islatuko lukeelakoan. UPNk, ordea, bere ordezkaria (Oscar Arizkuren) aurkeztu eta haren alde egin du.
Lehen hitzak, euskaraz
"Emakume euskaldun, feminista eta errepublikar" gisa aurkeztu du bere burua Ainhoa Aznarezek mahaiko presidente hautatu berritan. Euskaraz egin ditu lehen hitzak, eta indarkeri matxistak hildako emakumeak izan ditu gogoan. Akats egin dezaketela esan du, baina "gardentasunez eta argitasunez" jardungo dutela hitz eman du.