Kultura

Azoka dadaista bat

'Emak Bakia Baita' filma sortu ahala aurkitutako objektuekin erakusketa ireki du Oskar Alegria zinemagileak Iruñeko Konestable jauregian. Linternekin bisitatu behar da, eta, besteak beste, Bernardo Atxagaren poema argitaragabe baten eskuizkribua eta Andre Izagirre bidartarrak Sachsenhaussen kontzentrazio esparrutik igorritako eskutitzak daude ikusgai.

Inigo Astiz
2013ko otsailaren 15a
18:16
Entzun

Zoriak gidatuta sortu zuen Oskar Alegria zinemagileak 'Emak Bakia Baita' filma. Etxe baten bilaketa kontatzen du pelikulak, funtsean, baina ez da edozein etxe. Man Ray artista estatu batuarrak 1926an bere film askeenetariko bat grabatzeko baliatu zuen etxea da Alegriak bilatzen duena: Emak Bakia izenekoa, hain zuzen ere. Eta etxea berezia izanik, berezia da bilaketa ere. Rayren "zinema poema"-ri egindako omenaldi bat. Estropezuka egiten du aurrera zinemagileak kontakizunean, aurrean zabaltzen zaizkion zeharbideei uko egin beharrik gabe. “Lorpena ez da etxea aurkitu izana, baizik eta haren inguruan aurkitutakoa”. Eta filma gidatu zuen espiritu horrekin zabaldu du Iruñeko Konestable jauregian 'Emak Bakia! Aurkitutako objektuak' erakusketa. Pantailatik bitrinetara eraman du filma. Guztira, gizakiak sortutako 27 objektu, eta itsasoak sortutako 2. “Bazar dadaista bat”, Alegriaren hitzetan.

Argi guztiak itzalita, eta linterna baten laguntzaz ikusi beharko dute erakusketa bisitariek. Man Rayri egindako omenaldia da hori ere, zinemagileak azaltzen duenez. “New Yorken erakusketa baten inaugurazioan argindarra joan egin zen, baina aurrera egitea erabaki zuen Rayk. Museotik atera, denda batera sartu, eta linterna mordo bat erosi zuen. Hala egin zuten bisita bertaratutakoek. Maiz baliatzen zituen Rayk istripuak bere sorkuntzarako, eta hala jokatu zuen orduko hartan ere. Esperientzia ederra izan zela kontatzen du artistak”. Eta erabaki bera hartu du Alegriak ere. Areto sarreran linterna bana hartu, eta ilunpetan egin beharko du jendeak bisita.

Filmak ematen dio batasuna objektu zerrendari. Pelikulan kontatzen den bilaketa prozesuak. Baina, halere, autonomoa da erakusketa, zuzendariak dioenez. Bitxia da inbentarioa, halere. Bada Charles Chaplini Bidarten ateratako argazki bat, Maite Luberri artistak hondartzan aurkitutako pieza bitxi bat, Getari eta Bidarte arteko kosta erakusten duen maketa bat, eta Lapurdiko etxe izenei egindako argazki sorta bat ere. Badu bere historia atzean haietariko bakoitzak, eta azalpen bana du horregatik objektu bakoitzak alboan. Baionako hilarri grabatzailearen estudiko zaborrontziarena izan daiteke adibiderik argiena. Grabatzen hasi, eta gaizki ateratako hilarriak dira zaborrontzikoak. Baztertutako hilarri zirriborroak. Hildako hilarriak, azken finean.

“Ni ez naiz erakusketa honen sortzailea”, azaltzen du Alegriak, “biltzaile lana izan da nirea”, dio. Hala, filmean ageri den edo filmaren parte den jendeak emandako objektuek osatzen dute bilduma. Bada, esaterako, Man Rayren omenez, 'Emak Bakia' izena baliatu duten artistei eskainitako gune bat. Eta hor dute beren txokoa Ruper Ordorika eta Bernardo Atxagak. 'Emak Bakia Baita' izeneko argitaletxea sortu baitzuten bi sortzaileek, eta Atxagaren poema argitaragabe baten eskuizkribua irakur daiteke gune horretan.

Infernutik eskutitzak
Andre Izagirre izeneko Bidarteko gizonaren historiak ere badu bere bitrina propioa. Bi eskutitz baino ez dira hari buruz mintzo diren objektuak, baina sakona da gordetzen duten kontakizuna. Gazte zela harrapatu zuten naziek Izagirre eta Sachsenhausen kontzentrazio esparrura eman behar izan zituen urte batzuk. Eta handik bere amari igorritako eskutitzak dira Alegriak Iruñera ekarri dituenak. Hitlerren aurpegia ageri dute zigiluek, eta alemanez daude eskutitzak; erabat zentsuratuta eta mutilatuta. Berehala igarri zuen hori amak ere, baina semeak aurkitu zuen etxera helarazi nahi zuen mezua helarazi ahal izateko espazioa. Etxearen izena da klabea eskutitzean. Euskarazko bi hitz soil. Hor ezkutatzen zuen Izagirrek eskutitzetako benetako mezua. “Maison Egorri Jatekoa”, dio batek, eta “Maison Egorri Gasna”, besteak. Azkenerako, helbidea baino ez omen zuen irakurtzen amak, eta bertan ageri zena bidaltzen zion semeari. Jatekoa, gasna. Alegriak dioenez, gainera, teknika trebatzeko aukera ere izan zuen Izagirrek eskutitz bakoitzarekin, eta zorrozten joan zen mezua pixkanaka pixkanaka. “Hasieran jatekoa eskatzen zion amari, baina naziek gozoki eta jatekorik goxoenak hartzen zituztela ikusita, azkenerako, ogia eta gazta eskatzen zituen”.

Asteartetik igandera izango da zabalik erakusketa. Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Ikuspuntu Jaialdiak irauten duen bitartean, alegia. Ordutegi finkoa izango du: 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik egunero, eta bisita gidatuak egingo dituzte 18:00etan. 'Emak Bakia Baita' filma ere emango dute jaialdian asteazkenean, 20:00etan. Sarrera guztiak salduta daude jadanik, ordea. Eta gutxi batzuk baino ez dituzte jarriko salgai azken unean, gonbidapenik soberan gelditu bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.