Azpeitiko Ikasberriikastolaren(Gipuzkoa) orainari eta etorkizunari bultzada ematea eta Urola Erdialdea eskualdean ikastolen proiektua zabaltzen jarraitzea. Horiexek izango dira igandeanAzpeitian egingo den Kilometroak jaiaren xede nagusiak. «Administrazioen finantzaketa planak motz eta zaharkituta geratu zaizkigu. Gainera, urte gutxi barru ez gara egungo eraikinean sartuko. Behar ekonomikoak handiak dira. Ikastolen proiektu berritzailea zabaltzen jarraitzeko erronka era badugu, eskualdean bakarra baitago», azaldu du Aitor Unanuek, Ikasberri ikastolako lehendakariak.
Sei kilometro eta bost gune dituen zirkuitua atondu dute iganderako, baita egitarau betea ere: kontzertuak, haurrentzako ikuskizunak, bertsolariak... Igande eguerdian Realak eta Athleticek Anoetan derbia jokatuko dutela kontuan hartuta, pantailak jartzea ere aztertzen ari dira.
Jatekoa eta edatekoa ere ez dira faltako prestatu dituzten jantoki eta txosnetan. Kiruri jatetxean, Berdelariko frontoian eta ikastolan egongo dira jantokiak, eta 1.500 otordu emango dituzte. Menuen prezioa 18 eta 23 euro artekoa izango da, eta txartelak aldez aurretik eskura daitezke www.kilometroak.com webgunean.
Baina, jai egun batetik harago, euskarari eta ikastolen proiektuari laguntzeko eguna izatea nahi dute igandekoa. «Horretarako, zirkuituaren sarreretan diru laguntza ematen dutenei eskumuturreko bat emango diegu, eta ikastolan egongo den adreiluzko pareta batean beren testigantza uzteko aukera izango dute», azaldu du Igor Elortzak, Kilometroen antolatzaileetako batek .
Bildutako diruarekin ikastolaren finantzaketa beharrei erantzun nahi diete. «Ikasturte honetan bertan lau ikasgeletarako ez dugu finantzaketarik jaso. Gainera, ikastola berri baten proiektua lantzen ari gara. Ikastola sortzeak ekarri zuen zorrari ere aurre egiten ari gara», azaldu du Unanuek.
Ikastolen ikas eredua ezagutarazteko eta zabaltzeko ere baliatu nahi dute igandeko festa. «Igandean Ikasberriri lagunduta, Euskal Herriko ikastola guztiei ariko da laguntzen jendea. Proiektu baten inguruan biltzen dira elkarteko ikastola guztiak», adierazi du Ikastolen Elkarteko Arantxa Manterolak.
Xedeak lortze aldera, jendetza biltzea espero dute. Hala, garraio publikoa erabiltzera deitu dute antolatzaileek: «Herrietan jartzen diren autobusetan eta garraio publikoan joan dadila jendea».
Euskotrenek, Lurraldebusek eta La Guipuzcoana konpainiak tren eta autobusen maiztasuna ugarituko dute. Datozen egunetan jarriko dituzte beren webguneetan zerbitzuen xehetasunak. Autoan doazenentzat ere aparkalekuak prestatu dituzte Azkoitian eta Azpeitiko Landeta auzoan. Aparkalekuetara joan-etorria egiteko autobus zerbitzua izango da, 20:00ak arte.
BERRIA Taldearekin akordioa
BERRIA Taldeak eta Kilometroak Kultur Elkarteak hitzarmena egin dute. Akordioan jasotakoaren arabera, BERRIA Taldeak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia sustatzeko konpromisoa hartu du. Hitzarmena sinatu dute BERRIA Taldeko Joanmari Larrartek, Ikasberri Ikastolako Aitor Unaunek eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko Arantxa Manterolak. Sinatzaileek igandean Azpeitira joateko deia egin dute.
Azpeitia prest da Kilometroetarako, ikastolaren leku beharra asetzeko
Ikasberrik antolatu du igandeko festa, eta ikastolen eredua indartzeko baliatu nahi dute eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu