Larunbatean Altsasun (Nafarroa) atxilotutako bi gazteen aurkako «polizia azpijokoa» salatu zuen atzo Altsasuko talde batek. Zenbait hedabidek zabaldutako bertsioa gezurtatu, bi gazteen prozesua bertan behera uzteko eskatu, eta Altsasuk jasan duen jazarpena gaitzetsi zuten. Udaletxearen aurrean, ehundik gora pertsona bildu ziren Muntai polizialik ez eta Utzi bakean Altsasu leloarekin antolatutako elkarretaratzean: Altsasuko Udalak gaia lantzeko deitutako bozeramaileen batzarraren ordu berean antolatu zuten elkarretaratzea.
Udaletxe parean egindako elkarretaratzearen ostean, Foruen plazan prentsaurrekoa eman zuten, larunbatean gertatutakoa azaltzeko. Lehenik eta behin, atxilotutako bi gazteen kasua artxibatzeko eskatu zuten, poliziaren azpijokoa izan zela argudiatuta, eta hainbat hedabidek zabaldutako bertsioa ere gezurtatu zuten. Polizia azpijoko horren ondorioak «latzak» izan direla salatu zuten, bi gazte atxilotu dituztelako, bereziki. Bidenabar, Nafarroako Gobernuaren eta beste goi kargudun batzuen jarrera kritikatu zuten, hedabideek emandako bertsioa ontzat eman zutelako beste bertsio batzuekin alderatu gabe. Hori ez ezik, larunbatean gertatutakoaren ostean herriak jasan duen hedabideen jazarpena ere nabarmendu zuten.
Bestalde, adierazi zuten «ez dutela onartuko» Altsasun gertatutako borroka eraso sexista gisa identifikatzea, herria aspalditik ari baita egiten eraso sexisten aurkako urratsak.
Larunbatean gertatutakoa guardia zibilen aurka prestatutako segada izan zela gezurtatu zuten, eta gaineratu zuten Altsasu foruzainez eta guardia zibilez bete zenean egin zela asteburuan antolatutako eraso «bakarra». Gertatutakoa Altsasuk bizi duen egoeraren «beste atal» bat dela azaldu zuten. Izan ere, Ospa mugimenduak abuztuan antolatutako egunean eta urriaren 13an jasotako erasoen ondorengo kapitulua dela uste dute.
Guardia Zibila gerra egitera etorri zela salatu zuten, eta «oraindik» ere gerra egiten jarraitzen duela. Altsasu bakerako urratsak egin nahi dituen herri bat dela azaldu zuten, eta Poliziak «jomugan» dituela horretarako lanean ari direnak. Hori horrela, atxilotuei eta haien familiei euren babesa azaltzeaz gain, guardia zibilei Altsasu bakean uzteko eta Euskal Herritik joateko eskatu zieten. Gertatutakoa eta Altsasuko egoera salatzeko, larunbatean 13:00etan Altsasuko Foruen plazatik irtengo den mobilizazioan parte hartzeko eskatu zuten.
Hitzik egin nahi ez
Prentsaurrekoa egin aurreko orduetan, isiltasuna nagusi zen Altsasun. Zenbait komunikabidetako kazetariak zebiltzan kalean, baina herritar gutxirekin topo egin zuten. Are gehiago, herrian apenas dagoen gaiaz hitz egin nahi duen jenderik. Poliziaren presentziarik ere ez zen nabaritu deialdiaren aurreko orduetan. Kalean jende gutxi zegoen arren, nabari zen tentsio egoera batean murgildu dela herria, eta egoera horrek aurrerantzean izan ditzakeen ondorioen beldur dira herritarretako batzuk. Gaia jendearen ahotan dagoela entzun zitekeen, baina hedabideen aurrean, eta izen eta abizenekin identifikatzea eskatuz gero, jendeak ez zuen adierazpenik egin nahi izan, ondorioen beldur direlako herritarretako batzuk.
«Azpijokoa» salatu, eta «bakean uzteko» eskatu du Altsasuko talde batek
Ostiral gauean izandako gertaerak Guardia Zibilaren aurkako segada izan zirela gezurtatu dute. Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu