Ezker abertzaleak adierazi duenez, Donostiako Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako 3. Salak baliogabetu egin ditu Hondakinen Partzuergoak 2009ko ekainaren 2an onartutako hainbat akordio, besteak beste: Zubietako errauste plantaren proiektua onartzeko akordioa; errauste plantaren lurzoruak desjabetzeko premiazko beharra dagoela dioen espedientea; Foru Aldundiak errauste plantaren kostuen %33 bere gain hartzeko egindako lankidetza hitzarmena; hiri hondakinen goi hornidurako kudeaketa zerbitzuari buruzko araudia; partzuergoaren bigarren estatutuak aldatzeko proiektua; eta Txingudiko mankomunitatea partzuergoko kide izateko estatutuak aldatzeko ekimena.
Hala, ezker abertzalearen irudiko, epaiak hankaz gora jarri du errauste planta eraiki ahal izateko «arkitektura juridiko guztia», «diputazioak gauzak oso gaizki eta trakets egin dituelako».
«Kinka larrian»
Sententzia behin-behinean indarrean jartzeko eskatuko dio orain ezker abertzaleak epaileari, partzuergoaren helegiteari goragoko epaitegiek eman behar dioten erantzunari itxaron gabe. Hain zuzen, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak iragarri du helegitea jarriko duela epaiaren aurka, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Epaileak badaezpadako neurri gisa sententzia betearaztea aginduko balu, partzuergoak hasieratik hasi beharko lukeela ziurtatu du Azpirozek. «Orain arte egin dituzten urrats guztiak bertan behera geratuko lirateke, eta prozedura berriro hasi beharko lukete». Hala, errauste plantaren proiektua «kinka larrian» dagoela uste du ezker abertzaleak: «Guk esaten dugu, eta epaileek esaten dute».
Edonola ere, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari elkarlanerako deia egin dio Iñaki Errazkinek. Atez ateko zabor bilketak baino emaitza hobeagoak lortzen dituen beste alternatibaren bat balego, ezker abertzalea prest azaldu da aukera hori «elkarrekin aztertzeko». Hala, elkarlana sustatzeko, errauste planta sei urtez atzeratzeko eskatu dio Errazkinek Olanori: «Erakunde eta gizarte eragile guztien arteko elkarlanean sinesten dugu. Batu gaitezen konponbideak bilatzeko eta Gipuzkoa garbi, osasuntsu eta aitzindaria egiteko».