Osakidetzako lan eskaintzan salatutako irregulartasunak direla eta, ofiziozko ikerketa bat zabaldu du EAEko Arartekoak. Manuel Lezertua arartekoak bilera egin du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin, gaia zertan den aztertzeko. Arartekoak jakinarazi duenez, Darponek azaldu dio zer segurtasun neurri hartu dituzten oposizioetan, eta irregulartasun zantzuak dauden espezialitateetan eten egin dutela prozedura.
Osakidetzak atzo jakinarazi zuen hiru espezialitatetako prozesua eten duela: anestesiologia, kardiologia eta angiologia, kirurgia baskularra. Beste bat ere geldiarazi du: kirurgia plastikokoa. Gainerako espezialitateetan aurrera jarraituko dute, nahiz eta sindikatu batzuek susmoak dituzten. Hala berretsi dute Jarraipen Batzordeko kideek, Osakidetzak, Satsek, UGTk eta Medikuen Sindikatuak, goizean Gasteizen bildu ostean. Dena den, iragarri dute 86 arlotako azterketa guztiak ikertuko dituztela. Hala ere, berretsi du geratzen diren azterketen egutegiari bere horretan eutsiko diotela.
Arartekoak ofiziozko ikerketa bat hasiko du zer gertatu den argitzeko. Zehazki, aztertuko du Osakidetzak eta HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak nola jokatu duten.
Espezialitateetako azterketetan izandako gorabeherei buruzko kexuak jaso ditu orain baino lehen EAEko Arartekoak. Hango iturriek BERRIAri azaldu diotenez, beste urte batzuetan egin izan dituzte kexuak, baina, anonimoak zirenez, ez zituzten bideratu. Aurten ere jaso dituzte bi kexu, baina horiek ere bertan behera geratu dira, artean azterketak egin gabe zeudelako: “Gertatu aurretik ezin dugu ikerketa hasi”.