Familien beharrak askotarikoak dira. Dituzten erronkak bezainbestekoak. Baina ez da nahikoa botere publikoetatik jasotzen duten babesa. Areago, azken urteotan diru laguntzetan izandako murrizketen ondorioz. Horregatik, kexu ziren atzo hainbat familia eredu ordezkatzen dituzten Hirukide, Sehaska, Isadora Duncan fundazioa eta Arabako Aspace elkarteetako kideak, Gasteizko Montehermoso kulturunean. EAEko Arartekoak antolatuta, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako 29. jardunaldietan gonbidatu gisa izan ziren lau elkarteetako ordezkariak, arratsaldeko mahai inguruan. Nork bere egoera eta beharretatik abiatuta, familia eredu guztiak asebeteko dituzten «zeharkako politikak» ezinbestekotzat jo zituzten, eta babes eta laguntza gehiago eskatu zieten erakundeei.
Aniztasuna aintzat hartuta mintzatu ziren denak. Askotarikoak baitira gaur egungo gizartean dauden familia motak. Askotarikoak direlako dituzten beharrak, eta askotarikoak, halaber, erakundeei eskatzen dizkieten politikak. Sehaska guraso homosexualen elkarteko kide Estibaliz Egidazuk, esaterako, hizpide izan zuen «aniztasun» hori, sisteman aldaketak eskatzeko: «Aniztasuna balio gisa hartu beharko litzateke, eta sistema bera moldatu aniztasun hori gizarte balio gisa onartzeko». Hori lortzeko, instituzioen «parte hartze aktiboa» beharrezkoa dela adierazi zuen.
LGTB lesbiana, gay, transexual, transgenero eta bisexualek osatutako familien eskubideak errespetatuak izan daitezen, «bide luzea» dago oraindik aurretik, Egidazuren arabera. Besteak beste, haurdunaldi subrogatuen kasuan. Haren ustez, «onartezina» da espainiar nazionalitatea duten pertsonen haurrek erregistrora sarbiderik ez izatea.
Espainiako legediak jartzen dizkieten trabak ez dira hor amaitzen. PPren gobernuak Erregistro Zibilaren legean egin asmo dituen aldaketekin bikote homosexualak baztertu egingo dituela salatu zuen Sehaskako ordezkariak, ez dutelako «sendiotako aniztasuna» kontuan hartuko.
Guraso bakarreko familien egoera modu gordinean azaldu zuen , bestalde, Maria Garcia Alvarezek. 1984. urtean Leonen (Espainian) sortutako Isadora Duncan fundazioko buruaren esanetan, «ahaztuta» daude guraso bakarreko familiak Espainian, euren izaera juridikoa «arautu gabe» dagoelako. «Linbo legal batean gaudela esaten dugu». Trabak edonon topatzen dituzte era horretako familiek, haren esanetan: «Edozein laguntza eskatzeko orduan, ez gaituzte familiatzat hartzen. Seme-alabentzako beken kasuan, esaterako, ez dira aintzat hartzen guraso bakarreko familiak, eta, haur eskola baterako beka eskuratzeko, puntu berak dituzte bi gurasoko familiek zein guraso bakarrekoek».
Garciaren iritziz, guraso bakarreko familien egoera zaila da, oso. Areago, emakumeen kasuan. Txirotasunari buruzko ikerketek emakumeen egoera berezia azpimarratzen dute, batez ere senideak zaintzen badituzte, haien laneratzea oztopatzen duelako. Hori amaitzea ezinbestekoa da elkarteko buruarentzat, eta soluzioak legez araututa etorri beharko lukeela uste du. 2009tik dabil Isadora Duncan lege horren alde borrokan, «badelako garaia gure eskubideak errespetatuak izan daitezen».
Oso bestelako gogoeta eginzuen Hirukide sendi ugarien elkarteko presidente Natalia Diez Caballerok. «Alarma gorria» piztu zuen jaiotza tasaren jaitsierara dela-eta, seme-alabak dituzten familiak babesteko politiketan ere eragina duelako. Neurri gehiago hartzeko eskatu zien erakundeei: dela lana eta familia uztartzeko diru laguntzak handitzeko, nola egoera «ahulenean» dauden familiei babesa handitzeko. «Ezinbestekoa da amatasuna eta aitatasuna behar bezala aintzat hartuko duen kultura soziala ezartzea, eta alderdi politiko guztien artean familiaren aldeko ituna adostea».
Garun elbarritasuna duten seme-alabak dituzten familien laguntzak ere motz geratzen direla salatu zuen Aspace Elbarritasun Zerebralen Elkarteko ordezkari Olatz Azkunagak, ondoren. «Murrizketekin are gehiago».Erakundeei dei egin zien familia horiei eman beharreko babesa «lehen unetik amaiera arte luzatzeko», eta, halaber, murrizketarik ez egiteko arreta zerbitzu berezietan. «Familia horien bazterketa arriskua ekidin behar dute instituzioek, eta horretarako diru publikoa bideratu behar dute».
Urkulluren autokritika
Goizean, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariak nolabaiteko autokritika egin zuen jardunaldien inaugurazio ekitaldian. Aitortu egin zuen Eusko Jaurlaritzak ezin dituela «nahi bezala» bermatufamilia guztiek dituzten beharrak. Lehendakariarentzat ezinbestekoa da «gizarte itun» bat lortzea jaiotza tasa handitu eta lana eta familia uztartzeko, eta,horretarako, zerbitzu publikoeniraunkortasunari buruzko hausnarketa egiteko eskatu zuen.
Soledad Becerril Espainiako Herriaren Defendatzailea ere kritiko mintzatu zen erakundeen jardunarekin. Nabarmendu zuenez, azken urteotan ez dira aproposa izan erakundeetatik familiak laguntzeko bideratutako politikak: «Ez dira nahikoak izan, ezta ugariak ere».
Babes handiagoa eskatu dute
Askotariko familia ereduen aldarrikapenak entzun dira Gasteizen, Herri Defendatzaileen koordinaziorako jardunaldietan. Hirukide, Sehaska, Isadora Duncan eta Aspace elkarteek baliabide eta «zeharkako politika» egokiak eskatu dizkiete erakundeei, familiak laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu