Etxebizitza

Babes ofizialeko etxeen epeak mugagabe bihurtu nahi ditu Nafarroako Gobernuak

Lurralde Antolamenduaren Legean «aldaketa esanguratsuak egiteko» proposamena lantzen ari dira, alor pribatuak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzak merkatu librera pasatu ez daitezen

Jose Mari Aierdi bigarren presidenteordea eta Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2020ko ekainaren 2a
15:59
Entzun

Nafarroan aurten babes ofizialeko 982 etxebitzitzak babes kalifikazioa galduko dute, eta horietatik gehienak, 829, Blackstoneren moduko inbertsio funts espekulatiboen eskuetan daude. Funtsek aukera izango dute etxeok merkatu librera atera edo merkatuko alokairu prezioak ezartzeko. Halaber, datozen lau urteetan, legeak 20 urtez emandako babes hori galduko dute beste 1.586 etxebizitzak. Datu guztiok Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Etxibitza kontseilariak eman ditu parlamentuan. Egoera horren aurrean, Aierdik lasaitasun mezua eman nahi izan die etxe horietan bizi direnei. Batetik, funts pribatuekin negoziatzen ari dira inor kaleratua izan ez dadin eta neurriak luzatzeko. Bestetik, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatu nahi dute, babes kalifikazioak epemugarik izan ez dezan; hots, mugagabea izan dadin.

Navarra Sumaren eskariz izan da gaur parlamentuan Aierdi. Egungo babes ofizialeko etxebizitza askok funts espekulatiboen eskuetan nola amaitu duten eta horren aurrean gobernua zer egiten ari den erantzuterakoan, Aierdik zehaztu du «errealitatea dirudien baino konplexuagoa» dela eta «ezkutatutako okerrei erreparatzerakoan» 20 urte atzera egin behar dela, egungo egoera azken bi hamarkadetako etxebizitza politiken ondorio delako. Hatzarekin seinalatu du arduradun politiko argi bat: UPN. «Etxebizitza berrien alokairu erregimenaren kasuan, orain arte indarrean izan den ereduak uko egiten zion sustapen publikoari eta ekimen eta etekin guztia arlo pribatuaren eskuetan uzten zuen, baina aldi berean operazio horien arriskua hutsaren hurrena zen».

Aierdiren esanetan, Nafarroan babes ofizialeko etxebizitza sustapenen irabaziak «pribatizatu» egin dira: «Politika horren arabera, babes ofizialeko etxeak saltzen ziren, eta, aldi berean, etxeak sustatzeko enpresa bati diru laguntza publikoa eman zitzaion alokairurako etxeak eraiki zitzaten. Zenbait kasutan, zoru publikoa eman zaie, eta bermatu zaie etorkizunean errentak kobratuko zituztela babes ofizialeko 20 urteek iraun bitartean. Epe hori amaituta, negozioari errematea jotzeko aukera utzi diete enpresei: babes kalifikazioa kenduz, merkatu librean saltzeko aukera emanez». Aierdiren arabera, politika horrek «zigortu egin du herritarrek babes ofizialeko etxea edukitzeko aukera, eta negozioa bermatu die sustapen enpresei».  

Arazoa da 90eko hamarkadaren amaieran bultzatutako sustapen askok babes kalifikazioa galdu dutela, eta orain etxe horien jabe diren enpresa eta inbertsio funtsek negozioarekin aurrera jarraitu nahi dutela. Hogei urtean, babes ofiziala izan bitartean, etxebizitzen jabegoak eskuz aldatu dira banku, enpresa eta inbertsio funtsen artean. Adibidez, Blackstone-n Testa higiezin funtsak zortzi sustapen eta guztira 459 etxe ditu Nafarroan. Ideia bat egiteko: 1995ean, Iruñeko Udalak sustapen egitasmoa abiatzerakoan, enpresa bati esleitu zizkion Iruñerrian egun dituen etxeak; 2002an Santander taldearen Banif enpresak eskuratu zituen; hark, ondoren, beste Luri6 funtsari eman zion, eta hark, Metrovacesa taldeari; Metrovacesak hainbat bankuren eskuetan amaitu du, eta azkenean Testaren eskuetan amaitu dute etxeek. Bere esku dituen 459 etxeetatik 392k babes kalifikazioa galdu dute, eta Blackstonek erabaki du alokairuen negozioan sartzea.

Blackstone ez da babes ofizialeko etxeen jabe bakarra, eta talde horietako bakoitzarekin negoziatzen ari dira, kalifikazioa galdu duten edo galtzear duten etxe horiekin zer egin ikusteko, eta ez ditzaten familiak «kaleratu edo diru kopuru handiak ordaintzera behartu». Egoerak arauak aldatzera behartu du gobernua: kalifikazioak luzatzera. «Esan diezagukete adabakiak direla eta egoerari bere horretan ez diotela heltzen, baina lasaitasun mezua eman nahi dugu. Lortuko dugu denbora luzatzea eta bitartean etorkizuneko konponbideak bilatzea», zehaztu du Aierdik.

Konponbide horien artean, batetik, gobernua bera bihurtuko da etxe berrien alokairu erregimenaren sustatzaile, orain arte esku pribatuetan utzi duen jardueraren kontrola bereganaturik. Uneotan, alor publikoak bere gain hartutako 524 proiektu daude abian. Bigarrenik, enpresa pribatuekiko lankidetza eredu bat bultzatuko da: zoru publikoa utziko zaie, eta, egitasmoen inbertsioaren amortizazioa amaituta, etxeak esku publikoetara itzuliko da, pribatizazioa galaraziz. Azkenik, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatuko da. Besteak beste, helburu izango dute babes kalifikazioak etengabe irautea. «Hau da, babes ofizialeko etxeek irauten duten bitartean egon behar dute babestuta, eta ez merkatuaren gorabeheren menpe utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.