Babes ofizialeko etxeen prezioa %12 garestituko du Jaurlaritzak

Alokairuko etxeak merkatu egingo dituzte, eta maizterren diru sarreren arabera kalkulatu hileko kuota

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Babes ofizialeko etxebizitzen prezioa kalkulatzeko araudi berria onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta, agindu horren arabera, babes ofizialeko etxebizitzak %2 eta %12 artean garestituko dituzte. Lehen aldiz, prezio ezberdina ezarriko die Jaurlaritzak azalera eskubideko etxebizitzei eta jabetza osoko etxeei. Hala, azalera eskubidea duten etxeen prezioa %2 igoko dute -eskubide horren indarraldia 75 urte pasatzean bukatuko da-, eta, salmentarako diren etxebizitzen prezioa, hau da, jabetzan hartuko diren babes ofizialeko etxebizitzena, %12raino garestituko dute. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak hainbat adibide jarri ditu: jabetzan hartuko den 75 metro koadroko etxebizitza bat 136.000 euroan salduko dute, eta azalera eskubideko etxebizitzak, berriz, 123.000 euroan -orain arte 120.000 euroko kostua zuten-.

Erabaki hori alokairuko etxebizitzak sustatzeko hartu dutela dio Arriolak. Jaurlaritzaren asmoa da babes ofizialeko etxebizitzen prezioak eraikuntzako «benetako kostuetara» egokitzea eta, modu horretan, salgai dauden etxebizitza horiek baliabide publikoen beharrik ez izatea, «baliabide horiek alokairuko etxebizitzen parke zabala eta egonkorra lortzera bideratzeko». Neurri horiek Etxebizitza Itunean adostu zituztela gogorarazi du sailburuak. Ituna 75 gizarte erakundek izenpetu zuten.

Etxebizitza sozialak

Alokairurako etxeen prezioa, hau da, etxebizitza sozialena, merkatu egingo dute. Alokairua kalkulatzeko erabiltzen duten tasa txikitu egingo dute, %2 batez beste. Gainera, etxeak dituen logela kopuruaren eta maizterraren diru sarreren arabera kalkulatuko dute hileko kuota. Esate baterako: 15.000 euroko diru sarrerak dituztenek logela bakarreko etxeen alokairuagatik 150 euro ordainduko dute hilero, eta 35.000 euroko diru sarrerak dituztenek, 350 euro. Iñaki Arriola sailburuak beste adibide bat jarri du: urtean 15.000 eta 18.000 euro artean irabazten dutenek 282,5 euro ordainduko dute hilero 75 metro koadroko etxebizitza batengatik, 393 euro ordaindu beharrean. Oraingo prezioekin alderatuz gero, agindu berriarekin, ehun bat euro gutxiago ordainduko dute.

Kontratuek bost urte iraungo dute. Bost urteko alokairu epea pasatuta eta maizterrak baldintzak betetzen baditu, kontratua berritzeko aukera izango du. Edonola ere, errenta egokitu egingo dute egiaztatutako diru sarrerei dagokien ehunekoaren arabera.

Halaber, orain arte ez bezala, edonoiz berriz azter ditzake Jaurlaritzak maizterraren edota etxe horretan bizi direnen diru sarrerak, eta diru sarrerak handitu zaizkiela egiaztatuz gero, alokairua garestituko diete.

Etxebizitza tasatuak

Babes ofizialeko etxebizitza tasatuen prezioa ere arautu du Eusko Jaurlaritzak, eta ia ez da aldaketarik izango. Eutsi egin die prezioei, «etxebizitza libreen prezioak jaitsi egin direlako azkenaldian, eta, horren ondorioz, baita etxebizitza tasatuen eta libreen arteko aldeak ere». Nolanahi ere, jabetza osoko tasatutako babes ofizialeko etxebizitzen prezioa garestitu egingo dute, gehienez ere %10.

Uztailaren 1etik aurrera egindako behin-behineko kalifikazio eskabideei aplikatuko dizkiete prezio berriak, baita agindua indarrean sartu aurretik ebatzi gabe dituzten eskaerei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.