Eusko Jaurlaritzak zabaldu egin du babes ofizialeko etxeetako jabeen artean etxea betirako erosteko aukera. Orain arte, 75 urterako erabiltzeko eskubidea ematen zuen Jaurlaritzak, baina Jaurlaritzak gaur onartu duen neurriari esker, jabeek 9.000 eta 12.000 euro bitartean ordainduta, jabetza osotasunean erosi ahal izango dute. 6.803 dira horiek. Eskaerak ekainaren 1etik uztailaren 31ra arte aurkeztu beharko dira.
Ez da Jaurlaritzak neurri hau hartzen duen lehen aldia. Iaz etxea 2003. urtearen aurretik jaso zutenei eman zien eskubide hori, eta 13.193 jabeetatik 3.621ek burutu zuten erosketa. Neurri hori etxeetako lokalei ere eragiten die.