'Bateragune auzia'

Babes zabala jaso du Diez "laster batean" aske uzteko eskaerak

2017ko abuztuan du kartzelatik irteteko eguna LABeko idazkari nagusi ohiak, baina zigorra berrikusteko eskatu du. 'Rafa gure artera' agiria aurkeztu dute atxiloketaren urteurrenean. Bideoa: Joxe Mari Agirretxe, Laura Mintegi eta Arnaldo Otegi Bateragune auziaz (Moderatzailea: Iñaki Petxarroman).   [youtube]https://youtu.be/a6SL34p_ekU[/youtube]

Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 15a
13:26
Entzun

Ostegunean bete ziren zazpi urte, Bateragune auziaren atariko gisara, Rafa Diez Donostiako LABen egoitzatik atxilotuta eraman zutenetik; zortzi lagun atzeman zituzten denera. Zazpi urteren ondoren, preso jarraitzen du Diezek, El Duesoko (Espainia) kartzelan —kalean daude harekin batera zigortutakoak, baina Diez baldintzapean aske izan zen hamazazpi hilabetez, eta betetzeko du zigorra—. 2017ko abuztuaren 31rako du jarria kalera irteteko eguna, baina Rafa gure artera manifestua sinatu dutenek ez dute zain geratu nahi. Bat egin dute jatorri eta ibilbide ezberdinetako ordezkariek, Donostian egindako ekitaldian: «Aske ikusi nahi dugu laster batean».

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia, Jesus Uzkudun CCOOko kidea, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua, Itziar Aizpurua HBko buruzagi ohia eta Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohia. Baita Bateragune auziagatik preso egondako Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ere. Beste zenbaiten artean, Xabier Arzallus EAJren EBBko presidente ohiak ere sinatu du manifestua.

Iñigo Iruin abokatuak azaldu duenez, ezarritako eguna baino pare bat aste lehenago atera liteke Diez, baldintzapean aske zela auzitegian sinatutako egunengatik. Auziaren mamiaz, Europako Giza Eskubideen Auzitegia erabakia hartzekoa da oraindik, baina hori berandu hel daitekeela aurreikusita, zigorra berrikusteko eskaera egin du Diezek, Espainiako Zigor Kodeko 579 bis. 4 artikuluan oinarrituta. Artikulu horrek dio, delituaren «larritasunaren» arabera, zigorra gradu bat edo bi jaisteko aukera dutela epaileek; beraz, eskaria onartu bezain laster geratuko litzateke aske Diez.

Aukera hori baliatu nahi dute LABeko idazkari nagusi ohia libre uzteko eskatu dutenek: «Eskari horrek zentzu juridiko osoa dauka, zentzu politikoa ukaezina delako», esan dute. Gainera, zentzu bera dauka, sinatzaileen esanetan, «Rafarenaren antzeko kasuetan kartzela zigorrak berraztertzeko testuinguru orokorra irekitzeak». Gaitz larriak dituzten presoak eta zigorren hiru laurdenak beteak dituztenak aske uzteko eta sakabanaketa amaitzeko ere eskatu dute —gaurko martxa batera deitu du Sarek, Donostian, gaixo larri direnen egoera salatzeko—. «Justizia trantsizionalaz ari gara, salbuespeneko kartzela erregimenari bukaera emateko».

«Akordiorako gaitasuna»

Xabier Oleaga kazetari eta enpresa aholkulariak aurkeztu zuen atzoko ekitaldia: «Rafaren lagunak gara, eta denok partekatzen dugu gauza bat: haren falta sumatzen dugu». Carlos Etxeberri kazetariak Diezen «irmotasuna» eta «etorkizuneko ikuspegia» nabarmendu zituen. Rafa gure artera manifestuan ere aitortu dute haren lana: «Konpromisorako ahalmena, ikuspegi estrategikoa, lidergoa eta akordioak lantzeko gaitasuna mamitzen ditu».

Diezen mezu bat ere eman zuen Iruinek: «Eskaera bat egin zidan: 'Esan eragileei ezinbestekoa denean bakarrik pertsonalizatzeko'. Ez zuen bere egoera bereizi nahi gainerako presoengandik». Eta erantsi: «Erraza da. Rafaren egoeraz hitz egitea presoei ezartzen zaien erregimenaz hitz egitea da». Hala, 7/2003 lege organikoan jarri zuen arreta, harekin «salbuespeneko zigor azpisistema bat» ezarri zutela salatzeko.

Naike Diez semeak ere hartu zuen hitza familiaren izenean, eta, haiei bezala, beste hainbati ere «sakabanaketa eta tortura zuria» ezagutzea egokitu zaiela oroitarazi zuen. Joseba Tapiak eman zion amaiera ekitaldiari, 1937an Luis Rezola Tximela-k El Duesoko kartzelaz idatzitakoak kantatuz.

LABen bisita, bihar

Goizekoa ez zen izan Diezen inguruko atzoko ekitaldi bakarra. Lasarten (Gipuzkoa), mahai inguru batean aritu ziren iluntzean Arnaldo Otegi, Laura Mintegi eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak gidatuta.

Sortuk, bestalde, ohar bidez adierazi zuen Espainiako Estatuak ez duela bete Diez eta gainerakoak atxilotzean zuen helburua: «Ezker Abertzaleak independentziarako proiektua soilik bide demokratikoetatik gauzatzeko planteatzen zuen estrategia aldaketa zapuztu nahi izan zuen. Baina alferrik, huts egin zuen».

Bihar, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta haren ondoko Jabi Garnikak bisitatuko dute Diez, El Dueson, «jasotako elkartasun mezuak helarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.