Badago nondik tira

GALen ekintza argitu gabeei buruzko dokumentazioa eduki dezakeela esan du Jose Amedok, Miguel Planchueloren aurkako epaiketan.

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hari-mutur asko daude heldu eta tira egiteko. Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago. GALen 22 heriotza eta beste hainbat atentatu daude argitzeke, eta begi bistakoa da nork eduki dezakeen informazioa. Jose Amedo polizia ohiak informazioa badaukala eta zabaltzeko prest dagoela dio. Espainiako gobernuburu ohi Felipe Gonzalezek ere badauka, iazko azaroan El País egunkarian egin zioten elkarrizketa batean argi utzi zuenez.

GALen garaian Espainiako Poliziaren informazio brigadan lan egiten zuen Amedok, Bilbon. GALen hainbat atentatutan nahastuta egon zen, eta, aske dagoen arren, zigortu ere egin zuten bi auzitan —Batzoki eta La Cansolation tabernen kontrako atentatuengatik 108 urteko zigorra, eta Segundo Mareyren bahiketagatik bederatzi urte eta erdikoa—. Miguel Planchueloren kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean iragan astean egin den epaiketan hitz egin du azken aldiz, eta argi utzi du argituta dagoena baino gehiago dakiela. Hona hemen Begoña Lalana GALen Kontrako Herri Ekimena herri akusazioko abokatuak egin zion galdeketaren zati bat, hitzez hitz:

Lalana: Esan izan duzu gaiari tira egingo zeniola eta GALi buruz dakizun guztia argituko zenuela.

Amedo: Uste dut ari naizela argitzen. Uste nuen hona Batzoki eta La Consolation tabernen auziari buruz hitz egitera bakarrik etorri behar nuela, eta ez naiz bestelakoez hitz egiteko prestatuta etorri. Baina, edozein modutan, esaten dizut, guztiaren atzean gobernua zegoen, Euskal Herriko politikariak ere bai, Ramon Jauregi, Danborenea...

Epailea: Ez duzu galdera ondo egin...

Lalana: Ramon Oñederra Bergararen hilketaren inguruko informaziorik badaukazu?

Amedo: Eduki dezaket.

Epailea: [...] Galdera hori ez dator harira [...].

Lalana: GALen beste atentaturen bateko informazio eta dokumentaziorik badaukazu?

Amedo: Eduki dezaket.

Lalana: Zeini buruz?

Amedo: Une honetan ezin dizut esan. Batzoki eta La Consolation tabernei buruz hitz egiteko bakarrik etorri naiz prestatuta.

Amedok epaiketan ahalegin berezia egin zuen Planchuelo errugabetzeko. Baina, horretan ahalegintzeaz bat, GALen sortzailea eta erabakiak hartzen zituena Felipe Gonzalez zela esan zuen. Espainiako Gobernuko presidentea zen orduan Gonzalez, eta beraz gain, beste batzuek ere seinalatu zituen Amedok: «GALekin lotutako aginduak gobernutik etortzen ziren zuzenean. Felipe Gonzalezek, Jose Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa zen] eta Julian Sancristobalek [Bizkaiko Gobernadore zibila zen] ematen zituzten aginduak, eta Ricardo Garcia Danborenea, Txiki Benegas eta Ramon Jauregi jakinaren gainean zeuden», esan zuen. Amedok ez ezik Michel Dominguezek eta Planchuelok ere Gonzalez egin zuten GALen arduradun, epaiketan.

Gonzalezen aitorpenak

Lekukoa derrigortuta dago egia esatera, beraz, bi aukera daude Amedoren adierazpenak ikusita: edo lekukotza faltsua ematea egotzita Amedo salatu, edo ikerketa abiatu Gonzalezek eta gainerako politikariek izan dezaketen ardura argitzeko. Oraingoz, bietako ezer ez da gertatu, eta epaiketan ere ez zuen halakorik egiteko asmorik agertu Pedro Rubira fiskalak. Amedoren hitzei sinesgarritasuna kendu zien, eta Mareyren auzian Gorenak Gonzalez zigortzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi zuela ekarri zuen gogora.

Gonzalezek berak ere argi utzi zuen GALen eta gerra zikinaren berri bazuela, iazko azaroan El País egunkariari eman zion elkarrizketa batean. Segundo Mareyren bahiketari buruzko xehetasunak eman zituen, eta aitorpen hau ere egin zuen: «Oraindik ez dakit ondo ala gaizki egin nuen. Ez naiz arazo moral bat planteatzen ari, oraindik ez baitut segurtasunik. Aukera bakar bat izan nuen nire bizitzan ETAko buruzagitza akabatzeko. [...] 'Denak batera lehertzeko, denak akabatzeko, burua mozteko aukera dago'. Erabakia bai ala ez da. Laburbilduz, honako hau esango dut: 'Ez' esan nuen. Eta hau gaineratuko dut: ez dakit ondo jokatu nuen».

Badirudi Amedo ez duela inork salatuko lekukotza faltsua egitea egotzita, eta Gonzalez ikertzeko asmorik ere ez dute azaldu oraingoz auzitegiek, nahiz eta zein informazio duen galdetzeko moduko adierazpenak egin zituen.

Ikusiak ikusi, herri akusazioen eta gerra zikinaren atentatuen biktima zuzenen esku geratuko da hautsak harrotzeko saioa egitea. Badute nondik tira; trabaz jositako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.