Miren Basaras mikrobiologia irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aditua, beraz, COVID-19 gaitza eta haren tankerakoak eragiten dituzten birusetan. Adi dago, garapenari so: «Segur aski, aste batzuen buruan iritsiko da gailurrera». Birusaren ezaugarriei begira, badu esperantzarako zio bat: «Haren egiturari eta kutsadura ahalmenari begira, badirudi ezin duela etengabe kutsatzen jardun: ahultzen doala».
Gaitza hemen da. Orain hesitzea da helburu nagusia, ezta?
Bai, hedatzea mozteko. Kasuak agertzean, jakin behar da non eta nola kutsatu diren; bertakoak diren edo bidaiekin lotutakoak. Kanpokoak badira, eta kontrolatuta badaude, euste neurri batzukhartu behar dira. Eritasuna etengabe hedatzen ari dela ikusten bada, berriz, kontrolik gabe, beste neurri batzuk hartu beharko dira. Esate baterako, jendetza handiak saihestea izan daiteke neurri bat.
Horrelako neurriak hartu dituzte hainbat osasun agintarik, esaterako Frantziakoek. Hego Euskal Herrira begira, oraindik ez...
Oraingoz, kontrolatuta dago. Ikusiko da gaixotasunaren eboluzioa zein den; horren arabera hartu behar dira neurriak. Orain ez dago motiborik dena ixteko.
Gripearen antzeko gaitza dela esaten da. Zertan dira igualak?
Biak arnasaren bidez transmititzen dira, eta klinika ere antzekoa da: eztul lehorra, sukarra... Gripean, nekea handiagoa da. Bada beste alde bat ere: koronobirusaren transmisioa handiagoa da sintomak ditugunean; gripean, sintomak agertu gabe ere bai.
Mutazioren bat izan dezake?
RNA motako birusa da, eta horiek ahalmen handiagoa dute mutatzeko. Beraz, ahalmena badu. Oraingoz, badirudi ez dela aldatu.
Bolada baterako badugu...
Agian urtero etorriko da, beste birus batzuk bezala. Izan ere, batzuetan isilpean geratzen dira birusak, eta sasoi batzuetan ematen dituzte infekzioak; izan dezake urte sasoien araberako patroi bat.
Miren Basaras. Mikrobiologia irakaslea
«Badu mutatzeko ahalmena; oraingoz, ematen du ez dela aldatu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu