Josu Uribetxebarria zendu berriaren abokatu Ainhoa Bagliettok esan du haren kasuak erakusten duela Espainiako Estatuaren jokabidea "mendekuan" baino ez dela oinarritzen. "Josuk minbizia izan arren, azkenera arte aritu dira haren kontrako presioa egiten. Aste honetan bertan Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 29 urteko kartzela zigorra eskatu du 1986ko kasu bategatik. Jarrera mendekatzailea izan dute, eta ez dira gelditu Josuren aurka". Espainiako zenbait hedabidek ere jarrera bera izan dutela salatu du Bagliettok.
"Josu beti indartsu egon da, baina 2012tik gaixotasun sendaezinagatik baldintzapeko askatasuna eman arren, haren kasua etengabe auzitegietan eduki dute, eta horrek eragina izan du haren egoeran", esan du abokatuak. "Estatuak ezin zuen jasan Josu 2012tik espetxetik kanpo egotea, eta berriro kartzelan nahi zuten, era batera edo bestera ekinbideak aurkeztuta".
Bagliettok dio gaur egun ere badirela baldintzapeko askatasuna daukaten euskal militanteak, baina berak behintzat ez duela ezagutu Uribetxebarriari egin dioten adinako "jazarpenik". "Sistema judizialak gainditu ahal zuena gainditu du haren aurka egiteko. Edozer gauza egiteko prest dago estatu hau. Ez da demokratikoa".
Abokatuak azaldu du "informazio faltsuak" zabaltzeraino iritsi direla Espainiako hedabideak eta. "Esaten zuten txikiteoan zebilela Josu. Gaixotasunagatik ezin zuen edan ere egin!".
Jazarpen mediatikoa salatu dute Sortuk eta Etxerat-ek
Sorturen Kontseilu Nagusiak doluminak helarazi dizkio Iosu Uribetxebarriaren familiari eta preso ohiaren heriotza espetxe politika “kriminalaren ondorio” izan dela salatu du.
Uribetxebarriaren heriotzak agerian utzi du, Sorturen ustez, gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan “urgentziaz” jokatu behar dela, “askatasuna berreskuratzeko berehalako neurriak martxan jartzea beharrezkoa da”. Horrela, espetxealdiak galarazten dien tratamendu medikua jasotzeko aukera izango luketeelako.
Azken hilabeteetan Uribetxebarriak jasan behar izan duen “gurutze-bide judizial eta mediatikoa” gogor kritikatuko du Sortuk.
Ildo beretik, Etxerat-ek salatu du Uribetxebarriak eta bere inguruak “gupidagabeko jazarpena” bizi behar izan dutela: “Biziraun duen egun bakoitza, berehalako heriotzaren eskaerez edota espetxera berriz joatearen eskaerez lagunduta joan da”.
Etxerat elkarteak gogorarazi du Uribetxebarriaren bezalako egoeretan presoa, legez, askatu egin behar duten arren, egoera hori “sufrimendu bide luze baten ostean” iritsi zela Arrasateko preso ohiarentzat.
Beste 10 euskal preso oso gaixorik eta espetxean daudela gogorarazi du euskal presoen senideen elkarteak.