Aste hasieratik, Hernanin (Gipuzkoa) atzemandako COVID-19 kasu kopuruaren gorakada kezkarako zio izan da, nabarmen. Esaterako, asteartean Hego Euskal Herrian detektatutako 366 kasuetatik, Hernanin zenbatuak izan ziren 52. Gaitzaren intzidentzia tasa metatua 600dik gorakoa da herrian. Horiek horrela, birusaren kutsatze katea etete aldera, herrian baheketa bat egin dadila galdegin du Hernaniko alkate Xabier Lertxundik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egin dio eskea. Edonola ere, Lertxundik argitu du Hernaniko Udalak ahal adina baliabide bideratuko dituela zeregin horretarako, «egoerak okerrera egin ez dezan».
Agerraldiaren berri izan bezain laster, ekainaren 24aren bueltan Hernanin ospatu ohi diren sanjoanekin lotu zuten hainbatek kasuen gorakada. Ordea, herriko alkateak argitu du ez dagoela bataren eta bestearen arteko harremana baieztatzeko aski frogarik.