Egunetik egunera, gero eta oldartuago dago birusa Hegoaldean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak iragarri dutenaren arabera, Euskal Herriko bost herritan eginen dituzte birusa atzemateko probak datozen egunetan. Gaur hasi dituzte baheketak Ataunen (Gipuzkoa) eta Elorrion (Bizkaia), eta, aldiz, bihar eginen dituzte Nafarroako hiru herritan: Milagron, Acedon eta Mendazan.
Ataungo herritarrei dagokienez, Osakidetzak PCR proba egitera deitu ditu martxoaren 5etik 20ra bitarte Ataungo Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernetan izandako lagunak. Testak herriko San Martin pilotalekuan eginen dituzte, arratsaldeko hiruretatik arratseko zortziak bitartean. Emaitzak SMS bidez bidaliko dira. Era berean, Elorrion ere gaur hasiko dira probak egiten, eta asteazkenera arte arituko dira zeregin horretan. Zehazki, Osasun Sailak 19 eta 65 urte bitarteko bizilagunak deitu ditu diagnostiko probak egitera. Gallastegi kaleko kiroldegian eginen dute baheketa.
Osasunbideak bihar eginen dizkie birusa detektatzeko probak Milagroko, Acedoko eta Mendazako hainbat herritarri. Milagroko herritarrei dagokienez, 30 eta 64 urte artekoak deitu dituzte probak egitera. Acedon eta Mendazan, ordea, 14 urtetik gorakoek hartuko dute parte baheketan.
Prebentzio neurriak
Osasun Sailak eta Osakidetzak ohar batean oroitarazi dute, halaber, gaitzaren sintomak dituzten pertsonek etxean gelditu behar dutela, bakarturik. Izan ere, horiek zuzenean jarri beharko dute harremanetan osasun etxearekin, eta ez dute baheketan parte hartuko. COVID-19aren sintomatzat hartzen dira sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasuna eta usaimenaren galera.