«Zergatik dago Arnaldo Otegi preso?» Xabier Arzalluz, Jone Goirizelaia, Mariano Ferrer eta Martxelo Otamendik galdera horri erantzun behar izan zioten, jendez leporaino betetako Elgoibarko Herri Antzokian. Ados etorri ziren: «Otegi bahitu politikoa da». Otamendi izan zen hitz horiek esaten aurrena; Jone Goirizelaiak ere errepikatu zituen, beranduago –hitzaldia hasita zegoela iritsi baitzen– eta arrazoietan bat etorri ziren Ferrer eta Arzalluz ere. Arnaldo Askatu Politika Askatu herri ekimenak antolatu zuen mahai inguru arrakastatsua, eta Hasier Etxeberriak jarri zizkien puntuak hizlariei. Herriko jendea izan zen, batik bat, antzokia mukuru bete zuena. Aurpegi ezagun bakan batzuk ere baziren, Tasio Erkizia, Loren Arkotxa eta Eñaut Elorriaga kasu.
Otegi kartzelan sartuta «baztertu» egin nahi izan zutela uste du Arzalluzek, nahiz eta ez duen oso argi zergatik. Hori bai, Arzalluzek garbi dauka Otegi preso mantentzeko erabakia Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak hartua dela. Bere ustez, hark hartzen ditu Euskal Herriarekin lotura duten erabaki guztiak Espainiako Gobernuan. «Hura da Pontzio Pilato» esan zuen geroago. Rubalcabarekin hitz egin nahi ez zuelako ez zuen serio hitz egin Otegirekin, hura bisitatzera espetxera joan zenean ere. «Nik aspalditik dakit han esaten den guztia Rubalcabarenganaino iristen dela, eta ez nuen harekin hitz egin nahi». Horregatik, «txikiteoko elkarrizketa» eduki zuten biek.
Arzalluzek ez ezik, Goirizelaiak ere ikusten du Otegi espetxean, bere abokatua baita. Mahai inguruko aurreneko galdera harentzat zuen Hasier Etxeberriak: «Zer moduz dago Arnaldo?». Iritsi zenean erantzun zuen galdera abokatuak. Otegi pozik eta urduri dagoela esan zuen. Pozik, berak abiatutako bidean urratsak egiten ari direla ikusten duelako, eta «herria mugitzen» ari delako. Urduri, berriz, une honetan berak ere kalean egon nahi duelako; «Borrokan, ezker abertzalearen helburuak aurrera ateratzen».
Goirizelaiak «herria mugitzen» ari dela esan zuen arren, gainerako hizlariak alderantzizko tesiarekin ari ziren hura batu aurretik. Gizartea desaktibatuta ez ote dagoen eta zer egin daitekeengaldetu zien Etxeberriak. Herria «apalaldian» dagoela uste du Arzalluzek, baina egunen batean esnatuko dela. «Tunisian egon nintzen duela bi urte, eta han ez ziren zuhaitzetako hostoak ere mugitzen, baina begira orain zer gertatu den! Nork daki hemen ere ez ote den horrelakorik gertatuko!».
Otegi ikono bihurtu behar dela proposatu zuen Otamendik. Preso bat gehiago dela, baina ez dela preso bat gehiago bakarrik. Otegi Euskal Herritik kanpo ere erreferentea dela, eta karismatikoa dela azpimarratu ostean, horri zukua atera behar zaiola ohartarazi zuen. Antzeko proposamena eginez amaitu zuen bere azken parte hartzea Jone Goirizelaiak ere. Otegi kalera ateratzeko olatu indartsu bat badagoela, eta hura kalera ateratzeko indarrak batu behar direla ohartarazi zuen.Otegirekin batera atxilotu eta oraindik preso jarraitzen duten beste hiru lagunekin ere gogoratu zen abokatua: Sonia Jazintorekin, Arkaitz Rodriguezekin eta Miren Zabaletarekin.
«Legezko izatea da aukera»
Etorkizunari begira ere jarri ziren. Sortu legezkoa izango den edo ez galdetu zien Etxeberriak Arzalluzi eta Ferrerri. Ez ziren ausartu aukera baten alde garbi egitera. Biek esan zuten legezko izan behar duela, eta ez dagoela kontrakoa gertatzeko arrazoirik, baina, seguru hala gertatuko dela esaten ez ziren ausartu: «Komeni zaiena egingo dute», esan zuen Arzalluzek.
Legez kanpo utziko balute zer gertatuko litzatekeen galdetu zuen orduan Etxeberriak. Otamendik esan zuen, oraindik badagoela astia, eta Espainiako Auzitegi Gorenari presioa egin behar zaiola legez kanpo uztea ezinezko egiteko. Legeztatzearen aldeko ahotsak biltzea proposatu zuen, besteak beste.
Jone Goirizelaiak ere bide beretik jo zuen. Legez kanpo uzteko aukera pentsatu ere ez dela egin behar nabarmendu zuen. Legezko izateko egin beharrekoa egin dutela, eta ez dagoela beste aukerarik. «Gorenari oso zaila jarri behar diogu ezetz esatea». Hala, presioa egitera dei egin zuen.
8719600510
Arnaldo Askatu Politika Askatu ekimena politikariaren beraren herriko jendeak osatzen du. Otegiren preso zenbakia 8719600510 da, eta herri ekimenak kanpaina abiatu zuen, jendeak zenbaki horrekin argazkiak atera zitzan, ezker abertzaleko kidea espetxetik ateratzeko aldarrikapenarekin bat eginez. Babes handia jaso dute, eta argazki guztiak ikusgai daude www.arnaldotegi.com webgunean.
«Bahitu politikoa» askatzeko indarrak batzeko deia egin dute
Xabier Arzalluzek, Jone Goirizelaiak, Mariano Ferrerrek eta Martxelo Otamendik mahai ingurua egin dute ElgoibarrenOtegi Askatu Politika Askatu herri ekimenak antolatu du ekitaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu