Emazte bikote bat guraso izendatu du Baionako Familia Auzitegiak. Preseski, deliberoa «haurren onerako » hartu izana da biziki garrantzitsua, Colette Capdevielle bikotearen abokatuaren erranetan, lehendabiziko aldia baita Frantziako legediaren pean diharduen epaitegi batek eskubide hori ematen diola bikote homosexual bati tartean inolako salbuespen egoerarik egon gabe.
Frantziako legediak bikote homosexualen kontratu zibilak onartzen baditu ere, gurasotasuna lortzea oso zaila izan zaie beti sexu bereko pertsonaz osatutako bikoteei. Urriaren 26an Baionako Auzitegiak bi emakumeren gurasotasuna onetsiz emandako erabakiak, berriz, jurisprundentzia sor dezake, eta bidea erraz diezaieke. Izan ere,erabakia « haurren onerako » dela dio auzitegiaren agiriak eta hori biziki garrantzitsua da, Colette Capdevielle bikotearen abokatuaren erranetan. Halere, prokuradoreak errekurtsoa jar dezake. Hilabeteko epea du horretarako, eta ordura arte deliberoa ez da behin betikoa izanen.
Badira bost urte PACS izeneko kontratu zibilaren bidez legearen aurrean bikote bat osatzen dutela Cecile Jacqueyk eta Marie-Catherine Dumontek. Azken horrek Donostian intseminazio artifiziala egin eta bikiak ekarri zituen mundura. Intseminazioa Ipar Euskal Herrian ere egin daiteke, baina prozedura luzeagoa eta neketsuagoa izaten da Frantziako legediaren pean, eta horregatik egiten dute emakume askok Hegoalderako urratsa. Bikotekidearen gurasotasun galdea berriz, auzibidean egiten da, eta oraingoan baiezko erantzuna jaso du emakume bikote honek.
Gertaera ez da berri-berria. 2008az geroztik, hainbat bikote homosexuali onartu zaie gurasotasuna, baina delibero honek bestelako oinarriak ditu, eta horrek egiten du berezi eta garrantzitsua, Colette Capdevielle abokatuaren erranetan.«Kode Zibileko 377 artikuluak salbuespeneko egoera batean bakarrik baimentzen du aita eta ama biologikoaz gain norbaiti guraso estatusa ematea; heriotza baten ondorioz, adibidez». Baionako Auzitegiaren erabakiak, aldiz, ez du funts berdina. Harago egin du. «Egiazko aitzinamendua da agiriak haurren eta amen artean zinezko lotura badela eta familia errealitatea badela erratea», azaldu du Beñat Gachen guraso homosexualen Euskal Esfera elkarteko arduradunak. Hots, legeetan agertzen ez dena dio epaileak; alegia, bikote homosexual batek haurrari ematen diola beharrezkoa zaion familia ingurunea. Horrek jurisprudentzia ezar dezake antzeko atakan dauden hainbat bikoteren alde.
Bikoteak bere egoera legeztatzeaz gain, beraz, guraso homosexualen esperantzak handitu dira epai honekin. Hilabeteko epea prokuradorearen errekurtsorik gabe beteko balitz, beste bikoteei ere ate bat irekiko litzaieke. Baina guraso homosexualen Euskal Esfera elkarteari hori ez zaio nahikoa. Hasteko, Kode Zibileko 377 artikulua aldatzea dute xede, «salbuespeneko» egoerarik gabe gurasotasuna eskatu ahal izateko. Harago ere egin nahi lukete: «Legegileek beren ardurak hartu behar dituzte».
Oraingo egoera haurren kaltean izaten dela azpimarratu du, gainera, Gachenek. «Gurasotasuna pertsona bakar batek duenean, bikotea banatzen bada, gurasotasunik ez daukanak betebeharrik ez du izaten eta, adibidez, haurraren hezkuntzarako ez du pentsiorik ordaindu behar izaten ere». Dena den, Baionako Auzitegiaren erabaki horrek baikor izatera bultzatzen ditu sexu bereko bikoteen gurasotasuna defendatzen duten elkarteak. Baionako Auzitegiaren erabakia, erran bezala, hilabete baten buruan konfirmatuko da, prokuradoreak errekurtsorik jartzen ez badu. Eta kasua defendatu duen Colette Capdevielle baikor agertu da, auzian helegiterik ez baitzen izan.
Kritikak
Nolanahi ere, erabakiak UMP alderdiko kide batzuen kritikak ere eragin ditu. Philippe Meunier eta Philippe Gosselin diputatuek «familiaren balioen kontrako» erasotzat jo dute deliberoa. Hezkuntza Ministerioak berriki proposatu dituen bi ikasgai ere kritikatu dituzte; generoen teoria deritzotena batetik, identitate sexuala testuinguru sozio-kulturalen bidez zein sexu biologikoaren bidez esplikatzen duena, eta homosexualen gurasotasunaren ikerketa bestetik. Gobernuari «bere ardurak hartzeko» eskatu diote epai honekiko ere.
Baionako Familia Auzitegiak onartu dio gurasotasuna emazte bikote bati
Deliberoa haurren «onerako» hartu izana garrantzitsua dela dio bikotearen abokatuak; ate berri bat ireki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu