Baieztatu egin da Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak aurreratu zuen asmoa. Baionako Herriko Etxeak sarrera kobratuko die hiriko jaietan parte hartu nahi duten bisitariei. 2015eko uztailaren 14an Nizan (Okzitania) izandako atentatuaren ondorioz, Baionako Herriko Etxeak 400.000 euro gehitu ditu festetako aurrekontuan, Frantziako Gobernuaren segurtasun eskariak bete ahal izateko. Etxegarairen iritziz, "ez da bidezkoa" gastua baionarren gain soilik izatea —haren arabera, 2.400.000 euroko kostua dute bestek, eta horietatik 1.200.000 euro Baionako hiriak hartzen ditu bere gain—. "Jende anitz etortzen da Baionara kanpotik, eta Baionako anitz ez dira egoten hiriko festetan", argudiatu du Etxegaraik.
Gastu horri aurre egiteko, herriko etxeak zazpi edo zortzi euro kobratuko die bisitariei jaigunerako sarrera, ostiraleko 11:00etatik asteleheneko 2:00ak arte. Sarreraren prezioa erabat zehaztu gabe dago oraindik, segurtasun gastuak ere oraindik argitzeke daudelako. Haurrek ez dute ezer ordaindu beharko.
Etxegaraik atzo aurreratu zion erabakia jai batzordeari, eta gaur prentsaurrekoa eskaini du hedabideei erabakiaren berri emateko.
Auzapezaren erabakiak izan du kontrako iritzirik oposizioko alderdien artean, eta aurka agertu da Baionako peñen elkartea ere. Elkarteak gogoeta fase bat abiatzea proposatu zuen, ekonomia adituekin eta gizarte zibileko indar eragileekin batera, bestelako irtenbide bat bilatzeko. Peñen elkarteak uste du bisitariei sarrera ordainarazteak jaien izpirituan eragingo duela, eta festazaleak kontsumitzaile hutsak bihurtzeko arriskua duela.
Bayonne Ville Ouverte [Baiona hiri irekia] oposizioko Henri Etxetoren iritziz ere, "ordainpeko esparru bat egitea ez da irtenbidea", nahiz eta aitortu duen jaien kostua zama handia dela baionarrentzat.
Etxegarairen proposamena hiria ixtea da, Aturri ibaia eta Vauban harresia baliatuta.
Uztailaren 25etik 29ra izango da jaietan Lapurdiko hiriburua.