Baionako medikuari eriak «pozoitzea» leporatu diote

Injekzioak egin izana aitortu du medikuak; erien «sufrimendua laburtzeko» egin duela zehaztu du haren abokatuakEutanasia aktiboa egitea egotzi dio Baionako prokuradoreordeak; baldintzapean aske da

Marc Mariee prokuradoreordea, atzo, auziari buruz mintzatzeko egindako agerraldian. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
«Injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzea» leporatu dioteBaionako erietxe publikoko medikuari, eta dagoeneko inkesta abiatua da. Eutanasia aktiboa egin izana leporatu dio, berriz, Marc Mariee Baionako prokuradoreordeak. Alta, horretarako beharrezkoa da eriaren edo familiaren onespena, baina halakorik izan denik ez da oraindik jakina. Baldintzapean aske utzi du epaileak; lanbidean jardutea debekatua izango du, eta auziarekin lotura duten pertsonekin ezingo du harremanik izan.

Apiriletik lau adineko pertsonaren heriotzarekin lotura zuelako susmoarekin atxilotu zuten medikua asteazken goizean. Eriei jarritako injekzioak «berariaz» egin zituela aitortu dio Poliziari medikuak. Injekzio horiek bizi bukaeran ziren erien «sufrimendua laburtzeko» xedez egin zituela gehitu zuen Arnaud Dupin haren abokatuak, atzo. Dosierra politikoki hartzeko nahia adierazi zuen, eta zehaztu Frantzian eutanasiaz den legedia ez dela aski: «Laster aldatu behar da».

Inkesta irekirik du auzitegiak, eta «ikusiz dosierraren konplexutasuna eta gertakarien larritasuna», bi instrukzio epaile izendatu ditu prokuradoreordeak. Lau kasu horiez gain beste batzuk ere izan diren begiratuko dute inkestan zehar. Berehala preso sartzea eskatu zuen atzo prokuradoreordeak, eta, horri begira, atxilotuaaskatzeko exijitu zuen medikuaren abokatuak.

Polizia judizialak hainbat mediku entzun ditu; haatik, zendurik diren lau adinekoen familiarekin ez du oraindik hitz egin. Biktimen laguntzarako elkarteari dei egin du auzitegiak, sostengua behar luketen familien laguntzeko.

«Ezerk ez du justifikatzen»

«Ezerk ez du medikuaren joera justifikatzen», prokuradoreordea argi mintzatu zen. «Bizi bukaeran den pertsona baten heriotzaren probokazioaren aitzinean» direla erran eta hori legediaren kontrakoa dela azaldu zuen Marieek. Argi utzi zuen baita ere ez garela Leonetti legeak ahalbidetzen duen eutanasia kasu batean. Hain zuzen, «zentzugabeko tematzearen aurka joateko», Leonetti legeak eutanasia pasiboa ahalbidetzen du, 2005az geroz. Hau da, artifizialki bizirik irauten duten eri terminalei tratamendua gelditzeko edota ez hasteko aukera ematen du lege horrek. Dena dela, horretarako, beharrezkoa da eriaren onarpena, edo horrek ezin badu, senideena, eta erabakia taldean hartu behar dute medikuek. Hori dela eta, nahiz familiaren onespena izan, medikuak egindakoa legearen aurkakoa dela gaitzetsi zuen prokuradoreordeak, kasu horretan «pozoitzea» delako izan.

Epe laburreko ospitalizaziorako zerbitzuan ari zen medikua; hau da, zerbitzu egokia aurkitu artean, bertan gelditzen ziren larrialdietara etorritako eriak. Hainbat lankidek eutanasia aktiboaren susmoak sendi zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.