Politika

Bakartxo Ruiz: “Aldaketa gehiago eta sakonago nahi dugu”

Iruñean egindako ekitaldi politikoan, Nafarroako aldaketaren bi urteen azterketa egin du gaur goizean EH Bilduk. "Geratzeko etorri gara, ez gara anekdota huts bat", aipatu du Joseba Asironek.

Joseba Asiron eta atzean Bakartxo Ruiz, Arturo Goldarazena eta Koldo Leoz. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko ekainaren 10a
15:21
Entzun

Legealdi erdira iritsita, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak nabarmendu du ezin dutela erori “atzerako kontaketaren sindromean” eta aldaketak presaka ezarri. Ruizen arabera, EH Bilduk ez du epe motzeko begirada eta aldaketa ez da amaitzen 2019an. “Zalantzarik gabe erregimenak EH Bildu du begitan. Zergatik? Azkenean badakitelako gero eta EH Bildu gehiago orduan eta aldaketa gehiago eta sakonago izango dela”.

Denboran atzera zuzendu du gaur begirada EH Bildu koalizioak. Bi urte bete dira Nafarroako Gobernuan zein Nafarroako hainbat udalerritan UPN agintetik kanporatu zenetik, eta gaur eguerdian Iruñeko Burgoen plazan ekitaldi politikoa egin du. Ruizekin batera, Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Arturo Goldarazena Tafallako alkateak eta Koldo Leoz Lizarrakoak parte hartu dute. EH Bilduko beste hainbat alkate ziren bertan eta amaieran egindako lana eskertu diete.

Bere hitzaldian, Ruizek “EH Bildu” sendoago” baten beharra azpimarratu du, aldaketaren norabidea argi izateko. Bi urteotan okerren pasatzen ari direnen eskubideen defentsan eta demokratizazioan egindako urratsak azpimarratu ditu, baina era berean, gaineratu du eredu sozioekonomikoaren eraldaketan, herritarren eskubideen defentsan zein hizkuntza politikan gehiago sakondu behar dela.

Era berean, Ruizek “kezka handia” azaldu du Nafarroako Gobernuaren jokabide batzuekin: “Alor batzuetan eskuko balazta sakatzen du eta beste alor batzuetan abiadura handian doa”, esan du, Abiadura Handiko Trenaren inguruko ezadostasunari erreferentzia eginez. Ruizen arabera, aldaketa aurrera eramatea “ez da erraza izan, ez da erraza izaten ari eta aurrerantzean ere ez da erraza izango”.

Ruizek ohartarazi du “iragan astean erakutsi bezala” erregimenaren aldeko indarrak ez daudela “besoak gurutzatuta”. PSNk “UPNren makulu” izaten jarraitzen du.

Asiron: “Bi urte emankorrak”

Bere aldetik, Iruñeko alkateak aipatu du bi urte "gogorrak, luzeak eta tarteka zailak" izan direla, baina ororen gainetik "emankorrak" izan direla gaineratu du. "Merezi izan du". Bere esanetan, datozen bi urteak are hobeak izan dira orain arte egindako lana "loratuko delako". Bere ustez, EH Bilduk eta Iruñeko Udal gobernuan diren beste indarrek "haize freskoa" ekarri dute hala Iruñera nola udalera. Hirigintzan, etxebizitzan, herritarren parte hartzean edo memoria historikoan egindako urratsak goraipatu ditu. 

Koldo Leoz zein Arturo Goldarazenak duela bi urte bizitako uneak gogoratu dituzte eta geroztik egindako bidearen nondik norakoei buruzko gogoeta egin dute. Leozen arabera, EH Bildu gauzak egiteko beste modu bat ekarri du udaletara. Era berean, azpimarratu du aldaketa "herrietan" sortu zela eta horregatik indar eta ilusio  hori bizirik jarraitu behar duela. Orohar, bakoitzak bere esparruan aldaketaren alde lanean jarraitzeko mezua zabaldu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.