Euskal presoen aurkako neurri bereziek, sakabanaketak, bakartzeak, zigorrek eta jazarpenek bere hartan jarraitzen dute, presoen senide eta lagunen elkarteak azken hilabetean gertatutakoen berri emateko prestatu duen txostenaren arabera. Egoerak ez du hobera egin. Horrek ondorioak dakartza, eta, Etxerat-ek ohartarazi duenez, sakabanaketak eragindakoak izan dira aipagarrienak azken hilabetean. Apirileko azken asteburuan, bederatzi senidek eta lagunek hiru istripu izan zituzten. Beste bat gertatzeko zorian izan zen, Kordobara bidean ziren lagun batzuei autoko gurpila lehertu zitzaienean.
Istripu jarioa ez da harritzekoa, senideen ustez. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten 634 presoen senide eta lagunek 1.300 kilometro egiten dituzte batez beste astebururo, hurkoak minutu gutxi batzuetan ikusteko. «Astebururo gure bizitzak arriskuan jartzera behartzen gaituzte, milaka kilometro errepidean eginez», salatu dute. Euskal presoak baldintzarik gabe Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute.
Osasun alorrari dagokionez ere «hilabete nahasia» izan dela dio Etxerat-ek. Hiru preso ospitalera eraman behar izan dituzte: espetxeratze arindua duen Ibon Iparragirre epilepsia krisi batek jota, Txema Olabarrieta peritonitisaren ondorioz, eta Jose Ramon Martinez de Lafuente erretina higitzea izanda.
Egoerarik larriena, hala ere, Txus Martinena dela errepikatu dute senideek. Buruko gaitza du, larri dago, eta egoera nabarmen okertzen dio espetxeak. Areago, bizi duen bakartze egoerak. Konfiantzazko pertsonen beharra duen arren eta bakarrik ez egoteko protokoloa ezarria duen arren, «bakartuta» dago, preso arruntez inguratuta.
Hain zuzen, Martin aska dezatela eskatzeko, osasungintzako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Galdakaoko Ospitalean.
Bularreko minbizia duen Gotzone Lopez de Luzuriagak, bestetik, gaixotasunaren jarraipena etenda ikusi du, beste behin. Donostiako ospitalera mamografia egitera eraman zutenean ertzainak ez zitzaizkion pare-paretik urruntzen, eta, baldintza horiek ez onartzeagatik, probak egin gabe bueltatu zuten espetxera.
Euskal presoen espetxealdi luze eta baldintza gogorren ondorioz, %21,5 gaixorik daude.
Ostiraleko elkarretaratzeak
Hileko azken ostirala izaki, jende ugarik hartu zuen parte atzo, Euskal Herriko hiri eta herrietan presoen eta iheslarien eskubideen alde egin ziren elkarretaratzeetan. Aipagarriena Soraluzen (Gipuzkoa) eginikoa izan zen, han Pello Etxeberriari ongietorria egin baitzioten. Auzitegi Konstituzionalak hark aurkeztutako helegiteari babesa eman dio aste honetan, eta bertan behera utzi zuen euskal presoari ezarritako Parot doktrina. Herriko zubi nagusian egin zioten harrera. Ondoren, plazan, dantza eta bertsoak eskaini zizkioten. Gero, berriz, kalejiran joan ziren Arrano elkartera haren argazkia kentzera.
Gainontzean, ehunka lagunek hartu zuten parte elkarretaratzeetan: besteak beste, Aretxabaletan 65 lagun batu ziren, Azpeitian 155, Pasai Donibanen 29, Getarian 60, Deban 65, Zarautzen 210, Arrasaten 300, Zeberion 39, Otxandion 54, Zuian 27, Irurtzunen 28, Abadiñon 49, Bakion 42, Urretxu-Zumarragan 88, Lezon 50, Oiartzunen 119, Erandion 40, Oñatin 100, Donostian 400, Durangon 100, Lesakan 45, Urruñan 35, Legution 10, Zumaian 70, Zaldibian 126, Usurbilen 96, Leitzan 40, Santurtzin 105, Tuteran 36, Tafallan 50, Urduñan 34, Karrantzan 25, Bilbon 250, Agurainen 40, Iruñean 280, Galdakaon 110, Hondarribian 50, Irunen 88, Bastidan 23 eta Astigarragan 45.
Bakartzeek, gaixoek eta istripuek bere hartan diraute
Presoek eta senideek azken hilabetean jasandako gertaerak biltzen dituen txostena kaleratu du Etxerat-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu