«Euskal Herrian bakerako urratsak egiteko zabalik dagoen aukera» berretsi egin du ETAren agiriak, Bilduren iritzian. Erakunde armatuak BERRIAra igorritako agiriaren inguruan, «behin betiko bakea eta herri honetara benetako demokrazia ekarriko dituen normalizazio politikoa lortzeko» bidean lan egiteko eskatu die koalizioak «konponbidean inplikaturik dauden eragileei». Izan ere, koalizioaren irudiko, «prozesuan sakontzeak» lehentasuna du.
Gernikako Akordioari eta Brian Currinek sustatutako Nazioarteko Harreman Taldearen eskaerei erantzuten die ETAren agiriak, Bilduren iritzian, eta, norabide berean, «prozesua abiatuz geroztik erakutsi duen immobilismoa bertan behera uzteko» eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Ezker abertzaleak ere balorazio baikorra egin du ETAren agiriari buruz. Gernika eta Bruselako adierazpenei baikor erantzuten diela uste baitu. Bilduk bezala, «jarrera oztopatzailea» gainditzeko eskatu dio ezker abertzaleak Espainiako Estatuari, eta baita Frantziakoari eta «ezetzaren blokea» osatzen dutenei ere. Ezker abertzaleak, bere aldetik, elkarrizketa politikoa hasteko «borondate osoa» duela adierazi du.
Bilduko kide diren alderdiek ere antzeko bidean egin dituzte balorazioak. Urratsak egiteko garaia dela ohartarazi die eragileei EAk —«ETAtik hasi eta Espainiako Gobernuraino»—, «bakerako baldintzak sortzeko». Jokaleku aldaketaren protagonista nagusia euskal gizartea dela uste du EAk. Alternatibak ere ontzat jo duagiria, eta ETAri zein Espainiako Gobernuari eskatu die «prozesuaren protagonismoa herritarrengan» uzteko.
Aralarrek, bestalde, ez du «ezer berririk» ikusten ETAren agirian. Nolanahi ere, su-eten iraunkorrerako jarrera mantentzea baikorra dela dio alderdi abertzaleak. Erakunde armatuaren amaieraren erabakiak «alde bakarrekoa eta baldintzarik gabekoa» izan behar duela uste du Aralarrek, sorrerakoak bezala. Gernikako Akordioaren eduki guztiak bete behar direla ere esan du alderdiak.
«Arbuiagarria»
Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruaren iritzian «arbuiagarria» da erakunde armatuak uztailaren 7an datatu eta BERRIA eta Gara egunkariek atzo argitaratutako agiria. Nolanahi ere, ikuspegi baikor bat izan dezakeela uste du buruzagi jeltzaleak. «Barne kontsumorako» egina dela uste du, eta ezker abertzalearentzat «arnasa» izan daitekeela, bide baketsuen aldeko egiten jarrai dezan.
Onda Vasca irratian egindako adierazpenetan «arbuiagarria» eta «iraina» iruditu zaio «ETAk bere gain hartu izana legez kanporatzearen garaipen ideologiko eta politikoa». Alderdi jeltzalearen iritzian, «prozesua izan daitekeenaren bermatzailearen edo zaintzailearen eginkizuna beretzat hartu nahi izana erabat iraingarria da». Desegiteko eskatu dio erakunde armatuari.
Agiriak «desilusioa» eragin dio Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiari. Bake prozesuari egin dakiokeen ekarpen bakarra «bere desagerpenaren berri» ematea dela ohartarazi dio erakunde armatuari. Euskal gizartea eta «ezker abertzalearen zati handi bat» horren zain daudela esan du Aranak. «Ez dakigu zeren zain dagoen».
Lokarriren irudiko, «garrantzitsua» da erakunde armatuaren agiria, «bake eta askatasunaren aldeko aukera badagoela uste duelako». Baina Aitziber Blancok gaineratu duenez, ETAk jakin egin behar du, horretarako, «era denetako mehatxuek» desagertu behar dutela. Indarkeria behin betiko uzteko eskatu dio.
Bake eta normalizazio bidean lan egiteko eskatu die Bilduk eragileei
ETAren agiria «arbuiagarri» jo arren, ezker abertzalearen apustu politikoarentzat «arnasa» izan daitekeela dio UrkullukEzer berririk ez dagoela uste arren, Aralarrek dio ETA berean mantentzea baikorra dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu