Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunak nazioarteko elkartasun dinamikak Bosgarren Nazioarteko Elkartasun Astea abiatu dute. Horren bitartez, besteak beste,«gazteek, presoekiko solidarioek zein internazionalistek pairatzen duten kriminalizazioa» salatuko dute. Otsailaren 20 bitarte Europa eta Hego Amerikako hogei herrialdetan ehun ekitalditik gora egingo dituzte.
Atzo aurkeztu zuten nazioarterako duten egitasmoa, eta Eskubide zibil eta politikoak Euskal Herriarentzat. Autodeterminazioa orain! izango da leloa. Hamar eragilek hartuko dute parte: ezker abertzaleak, Etxerat-ek, Udalbiltzaren elkartasun sareak, auzipetuta dauden gazte independentistek eta Askapenako kideek, Elkartzenek, Ikasle Abertzaleek eta Torturaren Aurkako Taldeak. «Gite-IPESek, Sagarraren denbora filmaren ekoizleak, eta 8H euskal diaspora elkarteak ere bat egin dute», nabarmendu du Jon Etxebarria Askapenako kideak.
Gernikako Akordioa gizarteratuz eta ezker abertzalea legeztatzeko aldarrikatuz bake prozesuari ekarpenak egiteko asmoa dute.
«Urterik urte erakutsi dugu Euskal Herria ez dabilela bakarrik askatasunerako bidean. Are gehiago, gero eta elkartasun zabalagoa jasotzen ari da», gaineratu du. Horren adibide nahi dute izatea otsailaren 26an Milanen egingo duten manifestazioa.
Presoen argazkiak, kalean
Askapenako ordezkariak ontzat jo du Euskal Herriaren Lagunek astea berotzeko egindako ekimena, Euskal Presoen argazkiak kalera ekimena. Presoekiko elkartasunaren kriminalizazioak eta presoen eskubide urraketak salatzeko, munduko 30 lekutan erakutsidituzte argazkiak, «Euskal Herriko kaleetan jazarria den hori munduko hainbat leku ezagun eta publikotan denen begi bistan eginez». Horien artean daude Londresko Tower Bridgeeta Erromako Koliseoa.
Bestalde, otsailaren 26an nazioarteko manifestazioa egingo dute Milanen. «Iaz 3.000 lagun bildu ziren hara, eta aurten gehiago biltzea espero dugu», adierazi du Etxebarriak. Hargatik, dei egin diote nazioarteko «euskal herriaren lagun orori» eta «euskal herri langileari» mobilizazioan parte hartzera.
Bake prozesua munduratu nahi du Elkartasun Asteak
Nazioartean Gernikako Akordioa gizarteratuz, ezker abertzalea legeztatzeko eskatuko dute hogei herrialdetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu