Lokarri bakearen eta konponbidearen aldeko herritar sareak uste du ETAren indarkeriaren amaiera eta Sortu alderdiaren legeztatzea «bake prozesuarentzako aurrerapauso handiak» izan direla. Baina, hala ere, bake prozesua garatzeko «blokeoa» dagoela oraindik azpimarratu du. Horiek horrela, alderdi politikoei eskatu die adostasuna lortzeko «desarmatze, desegite eta birgizarteratze agenda baten inguruan».
«ETAk desarmatze prozesu bat garatzeko kontaktuak exijitzen ditu, eta Espainiako Gobernuak, berriz, haren aurretiazko desegitea eskatzen du espetxe politikan aldaketak egiteko». Hori da, Lokarriren arabera, «bake prozesuaren blokeoaren gako nagusietako bat», atzo egin zuten agerraldian azaldu zutenez.
Ondorioz, herritar sareko koordinatzaile Paul Riosek adierazi zuenez, alderdi politikoek daukate «bakea errotzeko giltza», eta haiek ados jarri beharko lukete. «Oinarrizko adostasun bat lortzea beharrezkoa da. Alderdi politikoek [ETAren] desarmatze eta desegite prozesuari buruzko eta espetxe politikari buruzko akordio bat lortzen badute, gobernuek eta ETAk ezarri beharreko aldebakarreko neurri zehatzak barne, alde biek bake prozesuan eman beharreko pausoak bere gain hartzeko beharrezkoa den zilegitasuna sortuko da».
Urriaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren hasi beharko lukete alderdi guztiek hizketan, Riosen iritziz.
«Bakea errotzeko» akordioak eskatu dizkie Lokarrik alderdiei
«Desarmatze, desegite eta birgizarteratze agenda» baten premia ikusten du, «egungo blokeoa» hausteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu