Bakea sendotzeko zeregina «estatu politikatzat» hartu beharko luke Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak, Patxi Lopez lehendakariaren ustez. SER irratian adierazi duenez, Raxoik lehentasun gisa hartu beharko lituzke bakegintza eta indarkeriaren amaiera.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak joan den astean Espainiako eta Frantziako gobernuei biltzeko egindako eskaintzaren inguruan ere hitz egin du lehendakariak. Lopezek euskal presoei esan die ezer exijitu baino lehen «etxeko lanak» egin ditzatela, besteak beste, ETAri desegiteko eska diezaiotela. Halaber, esan die «iraganeko» erantzukizuna beren gain hartzeko eta amnistiarik ez dutela izango. Euskal presoek oraindik egiteko dute «ibilbide demokratiko» bat, lehendakariaren iritziz: «Printzipioak eta balio demokratikoak beren gain hartu beharko lituzkete demokrazian txertatu nahi badute».
Urkullu, «kezkatuta»
Eusko Legebiltzarrean ez dute oraindik martxan jarri bakerako lantaldea, eta presidenterik izango duen ala ez erabaki behar dute; hainbat hedabidek zabaldu dutenez, PPkoa izan daiteke presidentea. Iñigo Urkullu EAJren burua «kezkatuta» dago polemikarekin, eta esan du PPk eta PSE-EEk argitu beharko dutela presidentea izendatzeko «ezkutuko akordio bat» duten ala ez. Haren irudiko, «tokiz kanpo» legoke lantaldea PPren esku egotea, batzordea eratzeko ekimena ez duelako babestu.
Bestalde, kritikatu du ezker abertzalea «ilusio faltsua» ari dela sortzen presoen irtenbide kolektiboa egongo dela esanda, jakinekoa delako ez dela amnistiarik izango.
Bakea «estatu politika» gisa hartzeko eskatu dio Patxi Lopezek Raxoiri
Urkulluk uste du «tokiz kanpo» legokeela Legebiltzarreko bakerako lantaldea PPren esku egotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu