Bakea sendotzeko «pauso eraginkorrak» emateko eskatu die Gipuzkoako EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari (Bildukoak biak). Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJko bozeramaileak azaldu du eskaera horrekin nahi den jokalekua lortu nahi dutela, eta eskatu du Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako Udala ez daitezela egon «kanpotik beste batzuek hartzen dituzten erabakien edo ematen dituzten pausoen zain».
«Bakearen, normalizazio politikoaren eta adiskidetzearen» inguruan zenbait ekimen aurkeztu ditu alderdi jeltzaleak Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean. Horren berri emateko, Donostiako Aiete auzoan dagoen Bakearen Etxea aukeratu du. Goiak adierazi du bi erakundeetan aurkeztutako ekimenen bidez «hainbat pauso» eman nahi dituztela, «askotan hitz egiten den prozesuak aurrera egin dezan».
Gainera, normalizazio politikoa eta bakea lortzeko pauso zehatzak emateko eskatu die EAJko kideak Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari; izan ere, haren esanetan, «Bilduko arduradunak baino gehiago» dira bi agintari horiek: «Instituzioetako arduradunak dira». Bilduk «esnatzeko garaia» duela esan du, gainera, eta duten ardura kontuan hartuta «gizarteak egiten duen eskaerari» erantzuteko eskatu die.
Era berean, esan du Donostiako alkate izandakoekin harremanetan izan zela Izagirre uztailean, Bakearen Etxea HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen egoitza izan dadin, eta azaldu du Izagirrek horretan EAJren «onespena» duela.
Hala ere, Goiak adierazi du ekimen hori «mugatuegia» dela oraingo unerako; bere iritziz, Donostiak «pauso gehiago» ematea exijitzen duelako. Era horretan, bakea lortzeko Donostiako Udalak «lan aktiboa» jokatzea nahi du EAJk, eta ez izatea «talde armatu batek egitea erabakitzen duenaren edo egiten duenaren begirale soila». Hala izango balitz, Goiaren ustez, «huts larria» izango litzateke.
«Biktima guztien erreparazioa; herritarren bakezko heziketa, eta, bereziki, gazteenen artean, eta sistema demokratiko sendo eta zorrotza» izango dituzte aztergai Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, EAJk eskatuta. Hori bai, Goiak dio «presazkoa» dela oinarri horien gainean lan egiten hastea «bakearen eta normalizazioaren aurrerakuntzan Donostia aitzindari izan dadin».
«Urrats zehatzak»
Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak azaldu du «urrats zehatzak» egin behar direla bakea eraikitzeko, «modu anarkikoan» ezin delako ibili. Argi utzi du «indarkeriarik ez izateak» ez duela esan nahi bakea lortu denik. Izan ere, ETAk «atentaturik ez egitea» erabaki duela, baina «bortizkeriak» sortu dituen ondorio «latzak eta gaiztoak» hor daudela esan du.
Hori dela eta, «sufrimenduari» aurre egiteko «ekimen zehatzak» zehazteko eta «bakearen ikuspegiko erronkei» aurre egiteko, Batzar Nagusietan batzorde txostengile bat martxan jartzeko eskatu dio EAJk Batzar Nagusietako Mahaiari.
Bakea lortzeko «pauso eraginkorrak» emateko eskatu dio EAJk Bilduri
Jeltzaleek zenbait ekimen aurkeztu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu