epaiketa

"Bakearen alde" Arraizek egindako lana azpimarratu dute EAJk eta EH Bilduk

04/08 auzian haren aurkako epaiketa astelehenean hasiko dela eta, adierazpen bateratua plazaratu dute bi taldeek. ETAko kidea izatea leporatuta epaituko dute, eta sei urteko kartzela zigorra eskatu dute haren kontra. Auzi horretako gainerakoek akordioa egin zuten akusazioekin. Oraingoan herri akusazio bat ez da ados azaldu akordioa egiteko.

Joseba Egibar (EAJ) eta Pello Urizar (EH Bildu), gaur, Eusko Legebiltzarrean, adierazpen bateratua leitzeko agerraldian. DAVID AGUILAR, EFE
enekoitz esnaola
2016ko maiatzaren 5a
09:11
Entzun

Datorren astelehenean hasiko da 04/08 auzian —Segurakoa bezala ere ezaguna— Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidearen aurkako epaiketa, EAEko Auzitegi Nagusian, eta EAJk eta EH Bilduk Arraizen aldeko adierazpen bateratu bat leitu dute gaur, Eusko Legebiltzarrean. Joseba Egibar izan da EAJtik, eta Pello Urizar EH Bildutik.

Bi taldeen arabera, "jardun politikoaren ondorioz" atxilotu eta kartzelaratu zuten hura 2007an. Bederatzi urtera epaituko dutela eta, "atzerapenak herritar orori dagozkion oinarrizko eskubideak urratzen ditu, eta hala salatu behar da". "Babesa eta elkartasuna" adierazi diote Arraizi, eta azpimarratu "bake eta bizikidetza demokratikoaren alde egin eta egiten duen lana". EAJk eta EH Bilduk diotenez, "demokraziaren alde eta indarkeria mota guztien aurka Hasierrek zalantzarik gabeko konpromisoa du". "Halaber, biktima guztiei, salbuespenik gabe, dien begirune eta aitortzaren lekukotza eman dezakegu. Arraiz solaskide baliagarria eta beharrezkoa dela Euskal Herrian aro politiko berria sendotzeko".

ETAko kidea izatea leporatuta epaituko dute, eta sei urteko kartzela eta kargu publikoak betetzeko inhabilitazioaren zigor eskaerak ditu. Auziko beste 35 kide iaz epaitu zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta fiskalaren, herri akusazioaren eta defentsaren akordio bati esker, ez zituzten kartzelatu. Arraiz prest agertu da akordio bera onartzeko, baina herri akusazio bat oraingoan ez da ados azaldu. Foruduna delako epaituko dute EAEko Auzitegi Nagusian.

"Ez da gure asmoa inongo erakunde judizial presionatzea", dio EAJren eta EH Bilduren adierazpen bateratuak, baina "gogoeta" egin nahi dute "Euskal Herrian erritmo judizialak bateragarriak izan daitezen erritmo politikoekin, guztien artean behar diren erabakiak hartzeko gauza izan gaitezen aro politiko berria pertsona guztiengana iristeko eta hainbeste urtean faltan izan den bakea eta bizikidetza demokratikoa sendotzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.