UPNko Carlos Garcia Adanero ebazpen horren aurka azaldu da, eta azpimarratu du bere alderdiak «beste hizkuntza bat» erabiltzen duela gai horretan. «Guk uste dute dugu gauza bakoitzari dagokion izena eman behar zaiola». Haren ustez, Nafarroako gizartea «normalizatuta» dago, legeen hauteskundeetara deitzeko prozedurak dituelako. «Egoerari oztopoak jartzen dizkioten bakarrak terroristak dira». Hala, NaBairi «hizkuntza arraroak» erabiltzeari uzteko eskatu dio. «ETAk desagertu egin behar du, horixe egin behar du, eta gainontzeko guztia bazterrak nahasten ahalegintzea baino ez da. Hemen, eragozpen eta arazorik gabe, herritar bakoitzak du politika egiteko eskubidea».
Ildo beretik jo zuten erantzunetan PSNk eta CDNk. Samuel Caro eledun sozialistaren arabera, gizartea jada politikoki «normalizatuta dago», eta, haren ustez, «gizarteak badaki zeintzuk ez dauden normaltasunean». CDNko Jose Andres Burgueteren arabera, berriz, «anormaltasuna ETArena» da, eta gizartea bera izan da behin eta berriz armak uzteko eskatu diona: «Batasunari indarkeria gaitzesteko ausardia nahikoa izan dezala eskatzen diogu», eskatu zuen.
«Hori ez da normala»
«Zergatik hitz egiten dugun normalizazioaz? Uste dugulako ez dela normala egun gertatzen dena, 20.000-30.000 herritar inguruk botoa ematea eta erakundeetan parte hartu ezinik geratzea. Hori ez da normala eta hori aldatzea nahi dugu». Haren ustez, «denen artean» lor daiteke bakea.
Gai horretan, PSNk izan ezik, beste alderdiek ebazpen bana aurkeztu zuten. UPNren ebazpenean ETAri indarkeria eta armak «behin betiko uztea» galdegiten zaio. Nafarroako Ezker Batuak, proposamenean, «behin betiko eta baldintzarik gabeko» jokaleku batean ««indarkeriaren ondorio materialak eta sozialak gainditzeko eta adiskidetze sozialerako prozesuak bultzatzea eskatzen du. CDNren ebazpenean, azkenik, besteak beste, indarkeria gaitzesteko eta arau demokratikoak onartzeko eskatzen zaio Batasunari.
Normalizazio politikoaz gain, dena den, beste gai batzuk ere jorratu ziren atzoko eztabaidan. Besteak beste, erabakitzeko eskubidearen gaia mahai gaineratu zuen NaBaik. «Autogobernua garatzearen alde» egon arren, PSNk erantzun zion ez duela nahi Nafarroak independentziaren bidea jorratzea eta egun dena izateari uztea. CDNk autogobernua garatzearen aldeko mezua zabaldu zuen, baina betiere Foru Hobekuntzaren esparruaren barruan.
Hain justu, EAJk Espainiako Gobernuarekin ituna egin ostean, autogobernuaren gaiak itxuraz indar hartu du Nafarroan. Nahiz eta Miguel Sanzen azken legealdian eskumen bakar bat ez den Nafarroara igorri, atzo, foru erkidegoak trafikoaren eskumena erabat hartu ahal izatea proposatu zuen UPNk ebazpen batean. Eraberean, EAJren hitzarmenaren aipamen garbia eginez, Nafarroako ordezkaritza bat Europako Batasuneko Ekofinen bileretan egon ahal izatea eskatu zuen. Bi ebazpenok aurrera atera ziren.
Guztira, NaBaik aurkeztutako 45 ebazpenetatik 26 onartu ziren; UPNk aurkeztutako 18tik 17, PSNk aurkeztutako 26tik 25, CDNek aurkeztutako 14tik 10 etaIUNen 17tik 9. Eremu erdaldunean ikastetxe publikoetan D eredua eskaintzea, berriz, errefusatu egin zuten.