26/11 SUMARIOA

Bakeari alea jartzeko gertu

26/11 sumarioko gazteek esan dute ideia politikoen kriminalizazioa agerian geratu dela Auzitegi Nazionalean. Haien abokatuek gaur egingo dute epaiaren balorazio juridikoa. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2133/[/Berriatb]

joxerra senar
2014ko ekainaren 13a
13:23
Entzun

«Irribarrez gatoz gaur». Epaiketan soinean eraman zituzten kamiseta laranja koloredunak, eta poza zen nagusi atzo 26/11 sumarioko gazte independentisten artean. Poza ez zen erabatekoa, ordea. Auzitegi Nazionalak herenegun errugabe direla ebatzi zuen, baina jazarpena ez da amaitu. Itsaso Torregrosa eledunak gogoan hartu zituen arrazoi politikoengatik epaiketak izan eta espetxean diren euskal herritarrak, egunotan inkomunikatuta egon den Tomas Madina eta 2012ko grebagatik hamabost hilabeteko espetxe zigorra jaso duten Jon Telletxea eta Urtzi Martinez. Euren auziari begira, berriz, gazteek ez dute mendeku goserik erakutsi: «Prest gaude gure alea jartzeko, mendekuan baino gehiago konponbidean oinarrituko den etorkizunaren alde».

Iruñeko Katakraken eman zuten prentsaurrekoa epaituak izan diren berrogei gazteetatik 27tik. Itsaso Torregrosak adierazpen bat irakurri zuen, euskaraz, denen izenean. Hasteko, zorionak eman zizkien ebazpena posible egin duten abokatuei, epaiketa politikoen aurka mobilizatu diren guztiei eta «epaia jakitean poztu diren herritar guztiei». Hain justu ere, gaur abokatuek epaia aztertuko dute, Donostian.

Tentuz agertu dira fiskalak jar dezakeen helegitearen inguruan. Epaiaren interpretazio juridikoan sartu gabe, gazte independentistek azpimarratu dute euskal herritar gehienek aspaldi salatutakoa aitortu duela lehen aldiz Auzitegi Nazionalak: «Badirudi Espainiako Auzitegi Nazionalean agerian geratu direla tortura, militantzia politikoaren kriminalizazioa eta gerra estrategia».

Argazki kezkagarria

Haien aurkako epaiketa urriaren 14an hasi zen. Ordu batzuk lehenago, gaueko ordu txikietan, Espainiako Poliziak Iruñeko herri harresia hautsi eta Luis Goñi gazte barañaindarra eraman zuen bortxaz, eta egun espetxean da, Xabier Sagardoirekin batera. Militantzia politikoagatik espetxeratu zituzten. Era berean, arrazoi beragatik herriko tabernen auzian epaituak izan dira beste berrogei pertsona, eta gogoan hartu dituzte denak: «Argazki kezkagarria ageri zaigu oraindik».

Epaiketan, gazteek «libre» oihukatu zuten, eta aldarri hori ageri zen kamiseta laranjetan. Gainera, 2009an atxilotu zituzteneko torturak salatu zituzten, baina gogora ekarri dute errealitate hori ez dela desagertu: «Albiste ona jaso genuen une berean, euskal herritar bat inkomunikatuta zegoen. Onartezina da».

Hala ere, Torregrosak nabarmendu du ez dutela biktimismoan erori nahi, nahiz eta «kalte izugarria eragin gazte independentistaren aurkako hamabi urteko mozkorraldi errepresiboak». Torregrosak azaldu du «jazarpen etengabea» izan dutela: ihesa, tortura, espetxea, sakabanaketa... «Ebazpen hau behin betiko estrategia hori amaitzeko urrats bat izatea desio dugu».

Torregrosak argi utzi du ez dutela estrategia horrek eragindako minean sakondu nahi eta aurrera begiratu nahi dutela. Hala, konponbidearen alde lan egiteko konpromisoa azaldu dute berrogei gazteek: «Denok irabazle izango garen etorkizun baten aldeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu gaur». Izan ere, haien diskurtsoan, etorkizuna izan da hitzik errepikatuenetako bat. «Gaur, geure buruaz edo gure ideologiaz baino gehiago, etorkizunaz eta gure herriaren borondateaz hitz egin nahiko genuke, gu berriaz».

Torregrosaren esanetan, Euskal Herrian gehienak daude prest konponbiderako zubia eraikitzeko, eta absoluzioarekin eragile aktibo izateko prest azaldu dira: «Berrogei militante irabazi ditu konponbideak», laburbildu du Torregrosak.

Ondoren, epaiketa amaitu ostean, argitaraturiko idatzia irakurri dute berriro. Han aipatzen dutenez, «zama latza da herri honen etorkizuna atzera begirako estrategia antiterroristari lotzea». Garrantzitsutzat jo dute eragile politiko eta sozial denen artean batera urratsak egitea. «Urrats gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eteteko eraiki dituzten harresi berriak».

Txalo artean amaitu dute: «Gora euskal gazteria! Gora Euskal Herria... Libre!», oihukatu dute. Gero, Kale Nagusian argazkia atera dute elkarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.