Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Bakerako eta elkarbizitzarako, denen inplikazioa ezinbesteko jo du Urkulluk

35 urtean gertatutakoa ezin dela ezer gertatu ez balitz bezala ahaztu ohartarazi dio Egibarrek ezker abertzaleari

Iñigo Urkullu, atzo ilunabarrean, Tolosako ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Tolosa
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bakea lortu nahi du EAJk. Guztientzako balio duen bakea. Eta denen inplikazioa lortu nahi du bake eta elkarbizitza hori lortzerako orduan. Horretara bidean lan egingo duen konpromisoa hartu du Iñigo Urkullujeltzaleen lehendakarigaiak. Konfiantza transmititu nahian ari da kanpaina guztia, eta atzo ere, Tolosako ekitaldian euskaldunen eran transmititu nahi izan zuen konfiantza hori, hitza emanez: «Bakea eta elkarbizitza lortuko dugu. Elkarrekin eta elkarlanean egingo dugu. Hitza ematen dut».

Bakea eta elkarbizitzarena nahiko gai beroa izan arren, ekitaldi hotz samarra atera zitzaion atzo EAJri. Zerkausi erdian agertoki txiki bat jarri zuten, apain eta ondo argiztatuta. Gaur egungo mitinek duela urte batzuetakoek bezalako jendetza biltzen ez dutela jakitun, ez zituzten eserleku gehiegi jarri. Guztiak bete ziren, eta zutik ere gelditu zen jendea. Zutik hartu zituzten hizlariak eserita zeudenek ere, baina nahiko hotz eta programatuta bezala jaiki ziren, euforia handirik gabe.

Gaia kontuan hartuta, Unesco Etxeko ordezkariak, Baketik-ekoak eta Bake eta Elkarbizitzaren Aldeko Elkarteen Foroko ordezkariak izan ziren ekitaldian, eta Joseba Azkarraga EAko buruzagi ohiak ere hartu zuen hitza, Urkulluri babesa emateko. Jokin Bildarratz ere ekitaldian zen.

Joseba Egibar GBBko buruak ezker abertzaleari zuzendu zion aurreneko mezua. Ezker abertzaleari, edo EH Bilduren eta EAJren artean zalantzan daudenei. Etxeko liburutegia astindu, eta Xabier Leteren poesia liburua eta El tiempo de las luces Arnaldo Otegirenelkarrizketa liburua ekarri zituen ahora —aurrena erakutsi egin zuen, bigarrena ez—.

Leteren hitzekin, duela 35 urtera eraman zuen gogoa, eta nabarmendu zuen jeltzaleek orduan ere defendatzen zutela «bide politiko eta demokratikoetatik bakarrik» egin daitekeela helburu politikoak lortzeko lana. «Beste batzuk» 35 urte beranduago esan dutela gauza bera gogora ekarri zuen, baina ezker abertzaleari ohartarazi zion, orain ez duela balio 35 urte horietan ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeak. Urte horietan eduki duen jarreraz hausnartu egin behar duela ohartarazi dio: «Herriari zor dio ezker abertzaleak». Bidea «behar bezala» egin behar da Egibarren irudiko, eta horretarako, ezinbestekoa da atzera begiratzea: «Ez gara mendekuzaleak. Ez dugu elkar maitatu behar derrigor, baina elkar errespetatu bai».

Urkulluk ere begiratu du atzera, eta okerrak onartzearen beharra azaldu du. Besteei eskatu bezela, berak ere halaxe egin du: «Iraganean gure printzipio etiko eta politikoen muturreko errekonozimendua behar bezalako gardentasunekin ezerrepikatzea izan da gure akatsa, agian».

Eusko Legebiltzarretik ere bake eta normalizazioaren bidean lan egin behar dela aldarrikatu du jeltzaleen lehendakarigaiak, eta erronka bat jarri dio bere buruari: Eusko Legebiltzarreko bake eta elkarbizitzarako ponentziak 75 legebiltzarkideren babesa lortzea.

Akordioa lortu nahi du legebiltzarreko sentsibilitate guztien artean, sei printzipiotan oinarrituta: giza eskubide guztien errespetua, indarkeriaren gaitzespena, bakea eta gatazka politikoa bereiztea, biktimen errekonozimendu, erreparazio eta oroimena, iraganaren memoria kritiko eta etikoa, eta elkarrizketa barneratzailea eta demokratikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.