Besteak beste, Bake Bideko eta Giza Eskubideen Ligaren ekimenez egingo dute konferentzia, 09:00etatik aurrera. Asanbleatik zuzeneko kontakizuna egingo dute Maddi Ane Txoperena Iribarrenek eta Patxi Berhouetek.
Hainbat parlamentarik babestu dute ekimena; Alaux eta Capdeviellez gain, Francois de Rugy, Cecile Duflot, Jean-Luc Bleunven, Frederique Espagnac, Paul Giacobbi, Jean- Christphe Lagarde, Jean Lassalle, Jean Jacques Lasserre, Noel Mamere eta Paul Molacek.
Louis Joinet jurista eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeko aditu independente ohia, Marc Gentillini Frantziako Gurutze Gorriko presidente ohia eta Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakaria izango dira konferentziaren buru. Hainbat euskal herritar joango dira bertara: autobus bat abiatu da Baionatik, eta Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak jakinarazi du Urtzi Errazkin bozeramailea han izango dela.
Senide, eragileetako ordezkari, hautetsi, gatazkaren konponketaren Parisera eramaiten @bakebideapic.twitter.com/Yh6xspQXbz
— Anita Lopepe (@a_lopepe) June 10, 2015
Iazko urrian Iparraldean konponbidearen alde lorturiko "aniztasuna" Frantzian entzunaraztea dute xede. Bertan, Frantziako Gobernuari interpelazio zuzena egitea espero dute bake prozesuan pausoak emateko, Anaiz Funosas Bake Bideko kideak eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak konferentziaren aurkezpenean azaldu zutenez.
Nazioarteko Harreman Taldea
Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak eta Nazioarteko Harreman Taldeko kideak irakurriko ditu konferentziaren ondorioak. Ahernez gain, Pierre Joxe NHTko kide eta Frantziako Barne ministro ohia ere bertan izango da. Horiek izenpetu zuten Aieteko adierazpena 2011ko urriaren 17an, Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiarekin batera.
Adierazpen horretan, sinatzaileek Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zieten ETAk bere jardun armatua behin betiko etenez gero gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko. Solasaldi horiek ez dira abiatu.