politika

Baketzean Rajoyk duen jarrera kritikatu dute EAJk eta Amaiurrek

Nafarroaz "subjektu eta ez objektu gisa" hitz egitearen alde egin du Geroa Baik. UPNk, berriz, abertzaleak Nafarroako Gobernura heltzeaz ohartarazi du: "Nafarroa askatasunaren eta Gulag-aren artean dago".

jon olano
2014ko otsailaren 26a
08:21
Entzun

Bigarren saioa dute gaur Espainiako Kongresuan estatuaren egoerari buruz egiten ari diren eztabaidan. Aitor Esteban EAJko diputatuak hartu du hitza aurrena. Atzoko hitzaldian Euskal Herriko bake prozesuari buruzko hitzik esan ez izana egotzi dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, ohartarazita haren "zabarkeriak" ahalbidetu duela ETAk desarmatzean eginiko "antzezpena".

"Ziur aski, gaiak ez zaitu kezkatzen edo ez diozu zure denboraren minutu bakar bat ere eskaintzen", leporatu dio Estebanek: "Lelokeria bat da esatea ez dela ezer aldatu ETAren indarkeriaren behin betiko amaieratik". "Bake politika bat" egiteko garaia dela ohartarazi dio.

Amaiur: "Ez duzu bakea nahi"

Ondoren hartu du hitza Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok. Rajoyri aurpegiratu dio "bakea eta desarmatzea" nahi ez izatea, "urratsak egiteko ahalmena" izan arren. Halaber, "lotsagarritzat" jo du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek Auzitegi Nazionalean deklaratu izana, eta egiaztatzaileek ostiralean ETAren desarmatzearen lehen urratsaren berri eman zutenetik haienganako "irain etengabeak" egin izana leporatu dio.

UPN: "Nafarroa askatasunaren eta Gulag-aren artean dago"

Nafarroaz mintzatu da Carlos Salvador UPNko diputatua, "Nafarroaz hitz egitea [Espainiako] nazioaz hitz egitea baita nolabait". Esan du herrialdea "askatasunaren eta Gulag-aren artean" dagoela, eta, ezker abertzaleari erreferentzia eginez, erantsi du Nafarroa ez dela "matonismo faxistaz libratu".

Salvadorrek ukatu egin du Nafarroako Gobernuan ustelkeria kasuak egon izana, eta abertzaleak gobernura heltzeaz ohartarazi du: "Ezker abertzalearen esku eroriko al da Nafarroa? Espero dut ezetz, eroriz gero Espainia hautsiko bailitzateke".

Geroa Bai: Nafarroa "subjektu, ez objektu"

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek, berriz, defendatu du Nafarroaz "subjektu" gisa mintzatzea, ez "objektu" gisa. Horrez gain, nabarmendu du zenbaitek "Nahiago Nafarroa ustela hautsia baino" mezua zabaltzen dutela, eta kritiko agertu da ikuspuntu horrekin.

Bestalde, Barkosek gogorarazi du Espainiako Gobernuak %80 murriztu dituela inbertsioak Nafarroan eta Madrilek foru parlamentuaren hamalau neurri eraman dituela Auzitegi Konstituzionalera.

PSE: Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak elkar ulertzeko deia

Espainiako Gobernuak "ETAren amaiera ordenatua" gauzatzeke duela uste du PSE-EEko bozeramaile Idoia Mendiak, eta Madrili eskatu dio Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean "argi eta zuhur" jardun dezala horretarako. Onda Cero irrati katean elkarrizketatu dute Mendia. Aitortu du erakunde armatuaren desarmatzearen gaia "Rajoyren mahaiaren gainean" dagoela.

"Eusko Jaurlaritzarekin elkar ulertzeko eskatzen diogu, argi eta zuhurtziaz kudea dezaten amaiera hori. Nire ustez, ditugun lege tresnekin, inolako aldaketarik egin gabe, terrorismoaren amaiera ordenatu bat egin dezakegu", erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.