Baldintzapean aske utzi dute Mikel Ibañez, gaixotasun larria duelako

Linfoma bortitza du, eta haren ondoriozko eritasun ugari izan ditu; oso larri dagoelako utzi dute aske

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaimahaiak baldintzapeko askatasuna ezarri dio Mikel Ibañez Oteiza presoari, neurri horren alde Martuteneko espetxeko Tratamendu Batzordeak eginiko eskaerari eta Fiskaltzaren onespenari men eginez. Ibañez (Elgoibar, 1955) oso larri dago. Linfoma bortitza du giltzurrunetara, barrabiletara eta izterrondoetara hedatua. Kimioterapia saio luzeak jaso behar izan ditu.

2007ko martxoan atxilotu zuten, Parisen, eta 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Espainian 2009an. Behin-behineko espetxealdian zela, 2008ko apirilean, koma hipogluzemikoan sartu zen; gaixotasun larria aintzat hartuta, ekainean kartzelatik atera eta etxeko atxiloaldian jarri zuten.

Kartzela zigorra ezarri eta gero ere, espetxeratze arindua ezarri zioten gaixotasun larriarengatik, baina Ibañezen osasunak ez du hobera egin. Aitzitik, iazko uztailaren 16an bihotzeko bat izan zuen eta Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboko Unitatean sartu behar izan zuten. Angioplastia bat egin zioten eta stent bat ezarri arterian.

Larri egonik ere, abuztuaren 10ean, espetxe arindua ezabatu eta Martuteneko kartzelan espetxeratu zuten berriz, atzo Auzitegi Nazionalak aske uzteko agindua eman zuen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.