Duela hamar hilabete hasitako lanaren emaitza aurkeztu dute gaur aurtengo Kilometroen antolatzaileek. Urriaren 4an Usurbilen (Gipuzkoa) ospatuko den Kilometroak jaiaren harira geroz eta usurbildar, gipuzkoar eta euskal herritar gehiago lotzen ari direla eta, oso baikor azaldu da Arantza Manterola Ikastolen Elkarteko lehendakaria. “Lotzen gattunk” dio abestiak, eta parte hartzearen soka horri tiraka, 1.700 kideko laguntzaile sarea osatu dute Udarregi Ikastolaren alde lan egiteko.
“Herri iraunkor, parekide eta inklusibo irudikatzen dugu Usurbil. Horregatik, aurtengo Kilometroei balio horiek erantsi nahi izan dizkiegu, jaia edozein herritarren neurrikoa izan dadin”. Kilometroak, sorreratik, balio sustatzaile izan dela, eta aurten jaiari usurbildarrek bere egiten dituzten balioak erantsi dizkiotela azaldu du Mariaje Imaz Udarregi Ikastolako zuzendariak. Horregatik, egitaraua gizarteko balioez bustitzen saiatu dira. “Kilometroak 2015 antolatzeko aukera ederra da, auzolanaren bidez garatzen ari garen herri hezkuntza proiektuan sakontzeko, proiektu honen bidez hezten ari garen usurbildarron balioak lau haizeetara zabaltzeko, eta jai honen bidez babes ekonomikoa jasotzeko” gehitu du Imazek.
Aukera horri ahalik eta zuku gehien ateratzeko lanean dihardute azaroaren 29tik, eta “urtebeteak askorako ematen ez badu ere”, lehenengo urratsak egin dituzte parekidetasunean, jasangarritasunean eta inklusibitatean. Hiru ardatz horien gainean eraiki dute aurtengo Kilometroak jaia, eta Ikastolen aldeko festari babesa emateaz gain, zehar lerro horiekin bat egin eta jaia balore horien baitan gozatu eta bizi nahi duen oro ere gonbidatu dute urriaren 4ko festara: “Bertan izango gattunk zuen zain”.
Metroak parekidetasunerantz
Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak diren heinean, jenero rolak ere bertan ikusten direla gogorarazi du Garazi Lizaso parekidetasuneko ordezkariak: “Eta Kilometroetan ez dugu inongo zapalkuntza, diskriminazio eta jarrera oldarkorrik onartuko”. Hauek ekiditen ahaleginduko dira, aurten ere, eta eraso sexisten protokolo bat osatu dutela jakinarazi du, egunean bertan erasoren bat egongo balitz aktibatzeko. “Festetan guztiok aske izatea nahi dugu”, azpimarratu du.
Jaiaren bigarren balio multzoari zuzenduz, auzolanaren bidez iraunkortasunean sakontzeko nahia azaldu du Mikel Usabiaga ingurumen batzordeko kideak, “orain arte ildo horretan egin diren neurriak mantenduz, eta ekarpen berriak eginez” hainbat berrikuntza txertatu dizkiote aurtengo jaiari. Donostiatik Usurbilera joango den bizikleta martxa da horietako bat. “Festara bizikletaz etorri nahi dutenentzat, Lasarte eta Zubietatik barrena datorren bidea erabili ahal izango da; eta Santueneako gunean aparkaleku handi bat egongo da, zainduta”. Bestalde, “hondakinik onena, sortzen ez dena” leloa bere egin du batzordeak eta hainbat neurri iragarri ditu “hondakinak zabor bihurtu ez daitezen”: freskagarriak ez dira aluminiozko latetan zerbitzatuko, edarien botilak berreskuratu egingo dira, eta iturriko ura sustatuko dute herriko iturriak seinaleztatuz eta sustapen mezuak zabalduz, besteak beste. Gune batean komun idorrak ere jarriko dituzte, eta hiru guneetan egongo diren konpostaguneetara eramango dituzte hondakin organikoak.
"Guztiok Gattunk"
Herritarren egoera eta izate anitza kontuan hartuz, “Kilometroak festan guztiok parte hartu ahal izateko” lanean jardun du Guztiok Gattunk batzordeak, eta inklusibitatearen alorrean ekimen ugari egin dituzte Udarregin Ikastolan, Usurbilen eta Gipuzkoan: proposamen didaktiko inklusiboa, Jendartearen Bidaide antzerkia eta Gizarte Inklusiborako dekalogoa, besteak beste. Urriaren 4ko Kilometroak jaia ere bide horretara eramaten saiatu dira. Malden eta guneen zoruaren informazioa esku orrietan erantsi dute, “bakoitzak bere ezaugarrien arabera ibilbideko itzulia diseinatu dezan”, eta jarduera inklusiboak antolatu dituzte urriaren 4rako: Guztiontzako gurpildun aulkiko saskibaloia, haurrekin tailerrak eta ginkana inklusiboa, adibidez.
Jarduera hauez gain, Kilometroen berezko ekintzei begira ere landu dute inklusibitatea, Erronkan, esaterako, taldeetako partaideen kopurua handituz, gaitasun desberdinen neurketa deman jarriko dutela adierazi du Eñaut Lasarte aurtengo Kilometroen tokiko koordinatzaileak: "hala, denek ez dute dena egin behar eta frogak banatu ahalko dituzte euren artean". Gainera, talde guztiek hartuko dute parte finalean. Era honetan, guztiek izango dute irabazteko aukera. “Usurbildik, Kilometroak 2015 ekimenetik, eta Gipuzkoako Ikastoletatik, gaitasun ezberdinak ditugun eragileok gaitasun anitzeko jendartearen beharrei erantzun nahi diegu”.