HEZKUNTZA

Baliogabetu egin dute Eusko Jaurlaritzaren curriculumen zati bat

Espainiako Gobernuak jarri zuen helegitea, eta arrazoi eman diote zikloen antolaketari eta dibertsifikazioari buruzko ataletan. Ez, ordea, ebaluazioarekin eta edukiekin lotutako zatietan.

Cristina Uriarte sailburua eta Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 22a
07:52
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2015eko hondarrean onartu zituen Oinarrizko Hezkuntzako curriculum dekretuak, eta haien aurkako helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak, esanez ez zutela errespetatzen LOMCE legea eta hura garatzeko dekretua. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak sententzia kaleratu du auziari buruz, eta zati batzuetan arrazoi eman dio salaketari. Hortaz, bertan behera utzi ditu Jaurlaritzaren dekretuetako artikulu batzuk.

Salaketari dagokionez, gogoan izatekoa da Jaurlaritzak LOMCEren aurkako salaketa jarria duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina oraingoz ez du erabakirik eman hark. EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean ere argudio hori eman du Gasteizko gobernuak, alegia, Konstituzionalaren esku dagoela gaia; epaileek erantzun dute, ordea, Konstituzionalak ez duela eten LOMCE, eta, beraz, bete beharrekoa dela oraingoz.

Zertan eman diote arrazoi Madrili? Hiru artikuluri buruzko salaketetan. Bat zikloen antolaketari buruzkoa da. LOMCEk dio DBH bi ziklotan banatu behar dela —batetik, lehen, bigarren eta hirugarren mailak, eta bestetik, laugarrena—, baina Jaurlaritzaren dekretuek ez diote banaketa horri jarraitu. Auzitegiak dio Madrilek agindutako banketa ezarri behar dela. Bigarrenik, ikasgaiak jakintza eremuka biltzea: LOMCEk dio DBHko lehen mailan bakarrik egin litekeela hori; Jaurlaritzaren dekretuek ez dute zehazten zein mailatan egin litekeen. Eta hirugarrenik, curriculum dibertsifikazioa: LOMCEk dio DBHko bigarren eta hirugarren mailan egin litekeela; Jaurlaritzaren dekretuek diote hirugarren eta laugarren mailan. Baliogabetu egin dute, hortaz.

Zertan ez diote arrazoi eman? Salaketa gehiago ere egin zituen Madrilek. Esaterako, edukiekin lotutako gaiak: curriculumak ez duela zehazten “euskal kulturaren dimentsio espezifikoa” zer den, ebaluazio irizpideetan ez dagoela zehaztasunik, edo Espainiak ezarritako curriculuma ez duela erabat errespetatu Jaurlaritzak. Epaileek atzera bota dituzte salaketa horiek, argudio gutxirekin aurkeztuak direlakoan.

Epaia ez da irmoa: helegitea jar dakioke Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.