Donostiako Herri Bilgunearen lehen eskaera izan da: herritarrek presoen aldeko zapiak jar ditzatela balkoietan. Ekintza horrekin, presoen eskubideak aldarrikatzeaz gain, erantzun egin nahi diete zapiak jartzeagatik Alde Zaharreko zenbait bizilagun mehatxatu dituztenei. Abuztuaren 31 kaleko bizilagun batzuek heriotza mehatxuak eta erasoak jasan dituztela salatu zuten abuztuan.
Egin Dezagun Bidea ekimenak bultzatuta, herri bilguneak sortzen ari dira. Atzo goizean, Donostiakoa aurkeztu zuten Zuloaga plazan, festa giroan. Aurkezpen ekitaldian hainbat kirolarik, kulturgilek, politikarik eta sindikalistek ere parte hartu zuten.
«Donostiako Herri Bilguneko ordezkariok geure egiten dugu euskal preso politikoak Euskal Herrira gerturatzeko lan egiteko konpromisoa», esan zuten. Baita errefuxiatuak itzultzekoa ere. «Bide horrek amnistiara eramango gaitu», gehitu zuten.
Horretarako, ordea, espetxe politika «errotik» aldatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Indargabetu ditzala salbuespenezko neurriak eta errespeta ditzala presoen eskubideak. «Horrela», ekimeneko ordezkarien esanetan, «presoek gatazka politikoa konpontzeko prozesuan parte hartu ahal izango dute». Haien iritziz, Euskal Herrian ziklo politiko berria zabaldu den arren, presoen egoera lehengo bera da oraindik ere.
Balkoietan presoen aldeko zapiak jartzeaz gain, Donostiako Herri Bilguneak herritarrei eskatu die parte har dezatela hileroko azken ostiraleko karteladan.
Balkoian presoen aldeko zapiak jartzeko eskatu diete donostiarrei
Donostiako Herri Bilgunea aurkeztu dute, Egin Dezagun Bidea ekimenak bultzatutako taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu