Energia. Haustura hidraulikoaren bidez metanoa eskuratzeko egitasmoa

Balmasedako 'altxorra'

Balmaseda formazioak 120 kilometro luze ditu, Arabako Lautadaren azpitik igarotzen da, eta metanoa izateko baldintzak betetzen ditu; gas hori erauztea bideragarria al den aztertuko du Jaurlaritzak, baina hori egiteko teknikak eztabaida piztu du

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Orain arte ezezagunak ziren hitzak eztabaidagai bihurtu dira Euskal Herrian, eta, funtsean, Araban: gasa erauzteko ezohiko sistemak, fracking edo haustura hidraulikoa... Hitz horiek duela lau hilabete heldu ziren Euskal Herriko gizartera, Patxi Lopezek Arabako lurpean 184.000 milioi metro kubo gas daudela jakinarazi zuenean. Gas horrek 30.000 milioi euroko balioa izan dezakeela gaineratu zuen Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak. Haatik, gas hori erauzteak eragin ditzakeen kalteen gaineko kezka ere agertu zen gizartean, eta iritzi kontrajarriak sortu. Dena lurpean dagoen altxor batek behartuta. Baina zer da altxor hori?

Arabako lurpetik gasa erauzteko egitasmoa Balmaseda formazioa izeneko unitate geologikoarekin hertsiki lotuta dago. Unitate geologikoak Balmaseda izena hartzen du, unitate geologikoa azaleratzen den eremuaren erdian dagoelako Bizkaiko herria, baina urrunago ere heltzen da. 120 kilometro luze inguru ditu ekialdetik mendebaldera. Espinosa de los Monterostik (Burgos, Espainia) Altsasura arte doa (Nafarroa).

Hidrokarburoen 'arroka ama'

Ordea, hori azalean duen presentzia baino ez da. Hegoaldera joan ahala, geruza «gazteagoek» estaltzen dute, eta Arabako Lautadaren azpitik pasatzean ehunka metroko sakonera du. Luzea izateaz gain formazio oso indartsua dela gaineratu du Sergio Robles EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologiako katedradunak; hau da, oso trinkoa dela. 3.000 eta 4.000 metro artean ditu, nahiz eta hegoaldean finagoa den eta haitz mota aldatzen den. Baina, 120 kilometroko marratik hegora egin eta lurpean sartu ahala, eztabaidagai bihurtu den altxorra mantentzen du.

Balmaseda formazioaren izaeraren ondorioz, hidrokarburoak izateko oso aproposa da. Hain zuzen ere, formazio horrek hidrokarburoak izateko beharrezko baldintzak betetzen ditu, Roblesek azaldu bezala, eta azken hamarkadetan bertan egindako zulaketa askotan hidrokarburoak antzeman dituzte. Dena den, ez ditu betetzen gasa ohiko moduan erauzteko baldintzak. Hau da, sortu zen haitz berean mantentzen da gas gehiena, arroka ama delakoan.

Gaur egun eztabaidaren erdian dagoen unitate geologikoa duela ehun milioi urte inguru eratu zela azaldu du Roblesek, Kretazeo ertainean. Orduko Iberiar Mendigunea zenaren iparraldean itsas plataforma bat zegoen, non area eta buztina baitzeuden, baita mikropartikula organikoak ere. Buztinaren partikula finen artean sartu ziren gai organikoak, eta hidrokarburo bihurtu ziren, milioika urtetan jasan duten presioaren eta beroaren ondorioz. Ordea, orduko buztinak sortu zuen geruzaren barruan mantentzen dira, poro txiki-txikien barruan, gas tanten moduan.

Balmaseda formazioa ez dago soilik buztin geruzekin osatuta. Hareharriarekin eta buztinarekin tartekatzen da etengabe, nahiz eta lekuaren arabera aldaketak dauden; iparraldera egin ahala, hareharria ohikoagoa da, eta, hegoaldera egin ahala, buztina gehiagotan agertzen da.

Munduko leku askotan gas hori haitz amatik atera da, eta gora zein aldeetara mugitu da, presioen ondorioz. Gasak, mugitu ahal izateko, haitz iragazkorra behar du, eta, zenbaitetan, mugitzen den gas horrek haitz iragazgaitz batekin topo egiten du, eta bertan pilatzen da. Kasu horiek baliatu dira ohiko gas zundaketak egiteko; hau da, zulaketa bakar batekin bertan pilatutako hidrokarburoa eskura daiteke kasu horietan, arroka amatik alde egin duen gasa, hain zuzen ere.

Balmaseda formazioan gas gutxi mugitu da haitz amatik, ordea, eta funtsean gasa dagoen lekura jo nahi dute, hori erauzteko. Horretarako, beste kasu batzuetan naturak egin duena baliabide teknikoen bitartez egin nahi dute. Haitz aman mikroapurketak egin nahi dituzte, gas hori bertatik atera eta eskuratzeko, eta, hori egiteko, haustura hidraulikoa izeneko sistema erabili nahi dute, fracking delakoa.

Eusko Jaurlaritzak Subillan (Araba) egin nahi dituen zundaketetan, goiko geruza gazteagoak zulatu nahi dituzte, Balmaseda formaziora heltzeko. Lan egiteko modu hori ohikoa dela azaldu du Roblesek, azalean dagoen unitate geologikoak hidrokarburoak izateko aukera gutxiago baititu. Hau da, geruza azaleratzen den lekuan gasak aukera gehiago du ihes egiteko, eta, ondorioz, ez litzateke bideragarria izango bertan hidrokarburoak bilatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.