Joanmari Larrarte. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

«Balorazio ezkorra egiten dugu, jaitsiera dagoelako»

Publikoak ez diren euskarazko hedabideen ordezkariak, otsaileko agerraldi batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat eginiko diru laguntza deialdiak ez du ezustean harrapatu Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria. Datorren urtean aurrera begirako pausoak emateko eskatu du.

Jaurlaritzaren diru laguntzak %4 jaitsiko dira aurten. Zer balorazio egiten duzu?

Balorazio ezkorra egin behar da, jaitsiera dagoelako. 2009tik 2010era diru laguntzen kopuruari eutsi zion Jaurlaritzak, baina 2010etik 2011ra, ez.Sektorea adierazten ari denean erabateko krisian gaudela eta eutsi ahal izateko inbertsioak behar direla, albiste txarra da. Egia da jaitsiera horrek batez ere erdarazko egunkariei eragiten diela. Eta, ondorioz, euskarazkook gutxiago sufrituko dugula jaitsiera. Gu ez gaude euskaraz egin dezaten erdarazko hedabideak laguntzearen aurka, baina beti esan dugu deialdi honek euskarazkoentzat izan behar duela.

Aste honetan bertan euskarazko hedabide publikoek laguntzak %25 igotzeko eskatu duzue. Deialdia ez dator bat eskari horrekin.

Guk bagenekien 2011n jaitsiera bat egongo zela, eta ez gaitu ezustean harrapatu. Egoera hori kontuan izanda sortu da hedabideon kezka, eta horregatik agertu gara etorkizuneko politika diseinatzen hasteko prest. Baina horrek, era berean, neurri batzuk hartzeko exijitzendu, eta horregatik eskatu dugu datorren urterako %25eko igoera egotea.

Eguneroko prentsa idatziaren atalean mantendu egin dira laguntzak baina aldizkariei igo egin dizkiete. Zer interpretazio egiten duzu?

Ez dakit zeren ondorioa den. Oro har, jaitsiera dagoenean egunerokoan ez igartzea ontzat jo beharko dugu, nahiz eta hazkundea beharko genukeen. Badirudi aldizkarien aldeko jarrera bat dagoela, baina ez dakit zergatik den. Aldizkariak lehenesten dituelako edo argitalpen berriak iritsiko direla espero duelako. Ikusten da aldizkarien eta komunikabide digitalen aldeko apustu bat dagoela deialdian. Ia bikoiztu egiten da Interneterako dirua, eta hori, printzipioz, positiboa da. Denok ari garelako Interneten inbertsioak egiten.

Beste aldean ikus-entzunezkoak daude. Telebistei eta batik bat irratiei asko jaitsi dizkiete laguntzak.

Bai, eta harrigarria da. Are gehiago LTDrako lizentziak banatueta telebista kate berriak sortzen ari direnean. Garatzen ari den bide batean murrizketa ezarri dute. Irratientzako lizentzia berriak ere etorriko direla ematen du.

Iaz bezala, Jaurlaritzak deialdia oso berandu egin duela salatu duzu. Nola eragiten du hedabideetan berandutze horrek?

Hilabete daukagu eskaerak egiteko, eta gero, normalean, sei hilabete pasatzen dira ebazpen bat izan arte. Horrek urte bukaeran jartzen gaitu. Eta finantzaketa arazo larriak eragiten dizkigu, laguntzetatik zenbat diru jasoko dugun oso berandu jakiten denez, banketxeetatik maileguak jasotzea oztopatzen digulako. Diru laguntzen ebazpena izaten da maileguak lortzeko abala, eta hori gabe...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.