Analisia. Erabakitzeko eskubidea eta birpolitizazioa

jon olano
2014ko irailaren 19a
12:13
Entzun

"Ekonomia despolitizatua politika posmodernoaren oinarrizko fantasia delako, ekintza egiaz politikoa ekonomia politizatzea izango litzateke halabeharrez”. Slavoj Zizekek ekonomiari buruz esandakoak ekar litezke politikaren esparrura. Politika despolitizatuaren aroa omen da gurea; gaiak kudeaketaren eremura mugatu, herritar-agintari harremana bezero eta zerbitzariaren artekora eraman eta “ideologizazioa” edo politizazioa deskalifikazioaren sinonimo diren aroa.

Testuinguru honetan, deigarria da Eskoziako erreferendumak izandako parte hartzea: %84,59. Eskoziako Parlamenturako eta Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeetan nahiz beste erreferendum batzuetan —Europako Batasuneko konstituzioa, autonomiaren onarpena— izandako tasa baino nabarmen handiagoa, beraz.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzea —bozkatzea— eta erreferendumaren parte hartzea demokraziaren garaipentzat jo da. Parte hartze tasari erreparatu zaio nagusiki —jakinik bozketa bat demokraziaren adierazpen bat baino ez dela—, baina, batez ere, prozesu osoan zehar gizarteak izandako bilakaera da sakontze demokratiko horren adierazlea; sinadura bilketak, sektorez sektoreko pedagogia eta kanpaina... Gizartea birpolitizatu egin du prozesu subiranistak, herritarrak aktibatu, ideologizatu, polarizatu, independentziak eta unionismoak suposatzen dutena mamituz. Eskoziak irabazi badu, gizartearen ahalmentzean urrats bat egin duelako irabazi du; ez soilik bozketagatik, birpolitizazio horregatik baizik.

Eta birpolitizazio hori erabakitzeko eskubidearen eskutik heldu da. Eskozian botoa emanez azaleratu da, Katalunian espazio publikoaren okupazioaren bidez, eta Euskal Herrian giza kate bat izan da urteetan izandako dinamika jendetsuena. Badakigu honezkero hiru adibideen artean aldeak daudela, barne eta kanpo faktoreak ezberdinak direla eta nork bere bidea jorratu behar duela; aldebikotasunaren zelaian jokatu du Eskoziak, protesta-aldarrikapen izaera hartu dute Kataluniako mobilizazioek, eta gizartearen kohesiorako tresna izan daiteke Gure Esku Dago, baina hirurek  adierazten dute ondorio komun bat: demokratizazioa eta gizartearen ahalmentzea erabakitzeko eskubidearen eskutik dator.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.