Konponbiderako urratsak eman dituzte azken urteetan Hondarribian. Alarde tradizionalari zein parekideari neurriak eskatzen zizkien Jaurlaritzaren ebazpena izan zen horren seinale joan den astean. Baina zein da konponbidea? Konpainia guztiek lasaitasunez desfilatu ahal izatea, ala emakumeak baztertzen dituen ekimenik ez egotea? Zein da helburua: bake soziala, ala berdintasuna?
Zilegi da pentsatzea lasaitasuna ere badela lorpen bat: emakumeek desfilatu nahi badute, atera daitezela, askatasunez eta bakean. Izatez, andrazkoen bizitzen edozein esparrutan da garaipena kanpoko —estatuaren, erlijioaren, familiaren edo gizonen— esku hartzerik gabe erabakiak hartu ahal izatea bizitzaren esparru guztietan. Baina lasaitasun kontzeptuaren barruan ez dira irainak sartzen, etxeko bizimoduan zaplaztekoak kabitzen ez diren bezala. Eta, igandean, Hondarribiko lasaitasuna ez zen hain lasaia izan.
Patriarkatuaren ezaugarria da emakumeen aurkako indarkeria berrasmatzea: andreek pauso bat aurrera egiten dutenean, berdintasunean sinesten ez dutenek —eta asko dira— erresistentzia molderen bat jarriko dute martxan, andrazkoen lekua non dagoen eta andrazkoen egitekoa zein den argi uzteko. Eta bazterkeria mozorrotuko dute: esango dute emakumeak goresten dituztela —gizonen laguntzaile gisara, baina ez gizaki autonomo gisara—, eta eskerrak emango dizkiete beren andreei, gizonek nola desfilatzen duten nekaezin txalotzeagatik —rol pasiboa barneratzagatik, eta rol aktiboa ez aldarrikatzeagatik—. Eta argudiatuko dute eurek ere hitza bete dutela, eta bakearen alde urratsak egin dituztela plastiko beltzak soilik leporaino altxatuz eta aurpegia agerian utziz. Berdintasunaren helburua aurreragorako uztea eta bake soziala lehenestea zilegi zen Hondarribian, baina gezurrezko lasaitasunak ezin du konponbide izan.