Saltokietan bezala, ospitaleko larrialdi zerbitzuetan ere bankuko txartelarekin ordaintzeko gailuak probatzen ari da Nafarroako Gobernua. Aukera hori aztertzen ari direla baieztatu diote BERRIAri Osasun Departamenduko iturriek. Proba modura, bi erietxetako larrialdietan jarri dituzte txartelarekin kobratzeko gailuak, Iruñean eta Lizarran. Edozein modutara ere, gobernuko iturriek diote erabakia hartzeko dagoela oraindik. Abuztu bukaerarako jakinaraziko dute gailuak zabalduko ote dituzten edo ez.
Etorkinei osasun arretagatik kobratzea lukete helburu gailu horiekin. Osasun txartelik eta aseguru pribaturik ez duten etorkinei kobratuko liekete; gaur egun ere zerbitzuagatik kobratzen diete, baina erakundeek behin eta berriz esana dute zailtasunak izaten dituztela dirua jasotzeko, euren jatorrizko herrialdera itzulita zerbitzua ez dutelako pagatzen. Horri aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak ospitalean bertan kobratu nahi die zerbitzuagatik, bankuko txartelen bitartez.
Valentzian (Herrialde Katalanetan) martxan daukate sistema hori ekainaz geroztik.