Baraualdian, ikusi eta ezagutu ditzaten

Protestan dabiltza Bizkaiko esku hartze sozialeko langileak. Sektorea askotarikoa da, baina ezinbestekoa, eta, halere, «prekarizatuta» dago, lan itunik gabe 2022tik. Asteazkenean greba egingo dute.

Gaur abiatu dute baraualdia langileek, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gaur abiatu dute baraualdia langileek, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko apirilaren 15a
17:37
Entzun

Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean atondu dituzte mahaia, karpa, pankartak, aulkiak eta kanpin denda. Ur botilak pilatu dituzte, datozen orduak hobeto eramateko; asteazkenera arte, txandakako baraualdia egingo baitute bertan, Bilboko Kale Nagusian, jendaurrean: ikusi eta ezagutu ditzaten, gizarteak jakin dezan euren lana ezinbestekoa dela baina prekaritatean aritzen direla. Izan ere, «ikusezina, heterogeneoa, atomizatua» da esku hartze sozialeko sektorea, baina ia 4.000 langile ditu Bizkaian, eta lan hitzarmenik gabe daude 2022tik. LAB eta ESK sindikatuetako kideek egingo dute protesta datozen egunetan, eta greba eguna izango dute asteazkenean —ELAk ere lanuztea egingo du—, lan ituna berritu dadila eskatzeko.

Kontzeptu abstraktua da esku hartze soziala, baina askotariko zerbitzuak eta erabiltzaileak ditu. Batik bat jende zaurgarriarekin lan egiten dute —babesik gabe dauden adingabeak eta familiak, migratzaileak, droga menpekotasuna dutenak, adinekoak, buruko gaixoak, indarkeria matxistaren biktimak...—, baina aisialdi jarduerak ere antolatzen dituzte ludoteketan eta gaztelekuetan. «Entitate askok 24 orduz lan egiten dute; 24 orduko arretarik izan ez arren, edozein arazo gertatzen bada, lanerako prest egon behar dugu», azaldu du Ederra Zabala aholkulari soziolaboralak.

Tamara Ramosek, adibidez, Askabiden lan egiten du, prostituzioan diharduten emakumeekin ari den elkartean, eta bortizkeria jasan duten emakumeentzako etxe bat koordinatzen du: «Ez dugu bertan egon behar 24 orduz, eta ordutegi finkoa dugu, baina sarri luzatzen da, ordutegitik kanpo zerbait gertatzen bada. Ostiralean, adibidez, 15:00etan amaitu nuen txanda, baina segituan itzuli behar izan nuen, gauera arte». Cristina Pousak, berriz, udal batean egiten du lan, gazteentzako informazio bulegoan: «Aisialdi jarduera asko asteburuetan dira, edo gauez, eta lankide asko behin-behinekoak dira; beraz, ezin dute lan hau beste batekin uztartu».

«Jende asko arazo oso larriekin iristen da, eta guk haien alboan egon behar dugu, zama horren parte bati eusten. Lankide asko ditugu gaixoaldian, estresaren edo antsietatearen ondorioz».

MIRIAM SARAPIOEsku hartze sozialeko langilea

Lana bera «oso exijentea» dela nabarmendu du Soraya Moralek. Psikologoa da Gizakia fundazioaren eguneko zentro batean: «Adikzioak dituztenak artatzen ditugu, baina tratamendua integrala da, pertsona horiek askotariko beharrak dituzte eta: sozialak, etxebizitzarekin lotutakoak, enpleguaren arlokoak... Horrek koordinazio handia eskatzen du, eta denbora, ahalegina eta energia handia. Kasu bat ez da karpeta bat: premia asko dituen pertsona zaurgarri bat da». Presio horrek eragina du langileengan, Miriam Sarrapioren hitzetan. CEAR-en egiten du lan, nazioarteko babesa eskatzen dutenen harrera programan, eta arrisku psikosozialetan jarri du azpimarra: «Jende asko arazo oso larriekin iristen da, jaioterrian gerran daudelako edo indarkeria jasan dutelako, eta guk haien alboan egon behar dugu, zama horren parte bati eusten. Lankide asko ditugu gaixoaldian, estresaren edo antsietatearen ondorioz».

«Ardura handiko lana da», berretsi du Irune Etxebarriak. Muskizko Udalean dihardu, gizarte hezitzaile: «Egoera oso konplexuei aurre egin behar diegu, eta gure lege matxistek eta arrazistek are gehiago zailtzen dituzte. Batzuek norabide bat edo beste hartzen dute profesionalok ematen dizkiegun aholkuen arabera; beraz, erantzukizun handia dugu, eta ez dago inon ere aitortua». «Eta pandemian ezinbesteko izendatu gintuzten», gaineratu du Moralek. Baietz esan du buruarekin Ramosek: «Ordu asko lan egiteko eskatu ziguten, lanaldiak bikoizteraino».

Administrazioen erantzukizuna

Jardueren, erabiltzaileen eta lan baldintzen mosaiko hori hainbat enpresak eta gizarte entitatek osatzen dute. Orain Bizkaian bi patronal daude, Gizardatz eta Geroan, eta horien barruan dozenaka erakunde, hala nola Caritas, Agintzari, Ede, Suspergintza, Ortzadar, Bizitegi... Eta erakunde publikoentzat egiten dute lan: udalak, Bizkaiko Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. «Nahasketa horrek asko zailtzen ditu negoziazioak», Zabalaren arabera: entitate txikiak eta aurrekontu handikoak daude hor, baina patronalaren asanbladan ados jarri behar dute.

Entitateen ezaugarriek ere ez dute errazten lan gatazka; izan ere, asko gobernuz kanpoko erakundeak dira, irabazi-asmorik gabeko entitateak, edo lan boluntarioarekin oso lotuak. «Gure entitateak ez dira Petronor edo Mercedes; asko oso txikiak dira, ez dira aberatsak. Baina azken erantzukizuna administrazio publikoena da: guk zerbitzu publiko bat ematen dugu, azpikontratatuta, eta instituzio publikoek oso merke eskaintzen dituzte zerbitzu horiek», nabarmendu du Etxebarriak. Koldar jokatzea aurpegiratu die patronalei: «Ez dira gai administrazioei eskatzeko sektoreaz arduratu daitezela eta baldintzak duindu ditzatela, eta horren ordez, entitateak elkarren artean lehiatzen ari dira, langileen prekaritatearen gainean bizirik irauteko».

«Gure patronalak koldarrak dira: ez dira gai administrazioei eskatzeko sektoreaz arduratu daitezela eta baldintzak duindu ditzatela».

IRUNE ETXEBARRIAEsku hartze sozialeko langilea

Adibide gisa jarri du 2022ko soldatan KPIaren igoerarik ez ezartzeko eskatzen ari direla patronalak, «noiz-eta diputazioak inoiz baino diru gehiago bildu duenean eta KPI handiena izan denean». «Entitate batzuetan, gainera, murrizketak izan genituen aurrez, eta soldatak izoztuta dauzkagu aspalditik», gogoratu du Moralek. Haren ustez, bada garaia pauso kualitatibo bat emateko: «Prekarizazioa onartu izan dugu gure lanaren filosofiagatik, bokazioagatik... Baina gure sektorea profesionalizatzen ari da, eta beste baldintza batzuk jarri behar dira».

Funtzionarioekiko aldea

Are gehiago, kontuan hartuta zerbitzu publikoak ematen dituztela eta horretarako titulazio eta trebakuntza jakin batzuk eskatzen zaizkiela. «Eusko Jaurlaritzak lortu du administrazioak eta GKEak arduratzea gizarte zerbitzuez, baina bateko eta besteko langileen artean amildegi bat dago», esan du Ramosek. Gogora ekarri dute udal batzuetan oposizio bidez ematen ez diren teknikari lanpostuak azpikontratatu egiten direla. Pousa: «Gizarte langile funtzionario batek eta azpikontratatu batek funtzio berberak dituzte, elkarren alboan lan egiten dute, baina batak besteak halako bi kobratzen du ia».

«Horrek guztiak adierazten du zer garrantzia duten gure erabiltzaileek administrazioentzat», ondorioztatu du Zabalak. Langileentzat ezinbestekoa da lan hitzarmena lortzea, sektoreko lan baldintzak duintzeko: soldata KPIaren gainetik igotzea ez ezik, ordezkapenak egitea, arrisku psikosozialak ebaluatzea, haurdunaldi baimenak hartzeko bidea erraztea eta berdintasun planak abiatzea nahi dute, besteak beste. Izan ere, «ez da kasualitatea» sektoreko langile gehienak emakumeak izatea. Etxebarriak aldarrikatu du haien lana ere zaintza dela: «Zer da, bestela, pertsona horien alboan egotea heltzen direnean, doluan, bazterketa egoeretan edo bakardadean? Gure sektorerik ez balego, nork sostengatuko luke gizartea?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.