EUSKAL HERRIA

Barcina: "Bilduk Nafarroako administrazioan infiltratu nahi du"

Nafarroako Gobernuko presidentearen arabera, koalizioak militante diren funtzionarioei eskatu die "buruzagitza postuetatik gobernua oztopatzeko". Gaineratu du ETAren estrategia dela Nafarroa ekonomikoki ahultzea EAE eta Nafarroa batzeko, eta, hori eragozteko, beharrezkotzat jo du "Nafarroako bideragarritasun ekonomikoa bermatzea".

Fernandez Diaz eta Barcina. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
jon olano
2014ko urtarrilaren 28a
14:26
Entzun

Madrilen izan da gaur Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, eta han adierazi du Bilduk Nafarroako administrazioan "infiltratu" nahi duela. Barcinaren arabera, idatzi bat igorri die koalizioak funtzionario diren militanteei, eskatuz buruzagitza postuetarako lehiaketetan parte har dezatela. Horren asmoa "postu horietatik Nafarroako Gobernua  oztopatzea" izan liteke, Barcinaren iritziz.

"Sorturen agiri batean argi esaten bada estrategia UPN higatzea dela, edo funtzionarioei bidalitako gutuna... haiek esaten dute. Haien estrategia idatzita dago", esan du.

Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratutako artikulu baten harira mintzatu da gaiaz Barcina. Kazeta horrek argitaratu duenez, ETAk, barne agiri batean, asmoa du Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hezkuntza sistemak "astintzeko". Agiri horretan ETAk "Bilduren eta Sorturen hizkera berdintsua" darabilela nabarmendu du egunkariak.

"LOMCEren erasoari erantzuna subiranotasunaren mailan kokatu behar dugu. Hezkuntzatik iristen zaigun eraso zuzena da. Alde batetik, proiektua salatuz eta bestetik, gure sistema propioa garatuz. Hezkuntza mugimendua astintzeko aukera ezin hobea da", dio ETAren agiriak Diario de Navarra-ren arabera.

Barcinak adierazi du hezkuntza "herri baten biziraupenerako tresna" izan dela ETArentzat, eta gaineratu du Nafarroako ekonomia "ahultzea" dela ETAren beste estrategia bat, Nafarroak eta EAEk bat egin dezaten justifikatzeko. Horregatik beharrezkotzat jo du "Nafarroako bideragarritasun ekonomikoa bermatzea".

Erasoak eta legealdiaren azken txanpa

Urtebete falta da 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina abiatzeko, eta gutxiengoan egingo dio aurre legealdiaren azken urteari Nafarroako Gobernuak. Hemeretzi ordezkari ditu Nafarroako Parlamentuan, eta, PSNrekiko aliantza hautsita, zailtasunak izaten ari da hainbat ekimen —aurrekontuak, besteak bestea— aurrera ateratzeko.

Jokaleku horretan, UPNk ugaritu egin ditu azken asteetan euskararen nahiz abertzaleen kontrako erasoak. Diario de Navarra-k filtratu zuenez, Guardia Zibilak zelatatu egin ditu D ereduan ari diren Nafarroako 1.600 maisu-maistra, ETArekin zerikusia dutela frogatzeko asmoz. Lautik bat "etazalea" dela ondorioztatu du, hanka sartzez betetako baieztapenak eginda. Hori abiapuntu hartuta, hainbat neurri proposatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Horietako batzuk gogorarazi ditu gaur Barcinak. Azaldu du Nafarroako Gobernua lanean ari dela "desitxuratutako" testuliburuak "saihesteko", baina bestelako neurriak behar direla nabarmendu du; horien artean, erreferentzia egin dio preso ohiak irakasle izan ez daitezen Espainiako Zigor Kodea aldatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.