Barcina: «Hobe da luza daitezkeen aurrekontuak izatea, irrealak baino»

PSNren zuzendaritza osoko zuzenketaren alde azaldu da, eta Lurralde Batzordeak bihar du azken hitza

Iruñea
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Heldu den urtean aurrekontuak izatearen garrantzia azpimarratu du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. Hortaz, adierazi du prest dagoela PSNrekin negoziatzen jarraitzeko, «ez dagoelako denborarik beste aurrekontu batzuk prestatzeko». Hitzarmena lortzea oso zail dagoenez, Barcinak esan du hobe dela «luza daitezkeen aurrekontuak izatea aurrekontu irrealak izatea baino». Azken hitza izanen du PSNren Lurralde Batzordeak, bere esku dagoelako erabakitzea 2013ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea edo ez. Bihar izanen da biltzarra.

Dena den, nahiko argi dago Lurralde Batzordeak PSNren zuzendaritza gisa jokatuko duela. Hortaz, UPNren aurrekontuak atzera botako dituzte. Juan Jose Lizarbe PSNko ekonomia idazkariak argi utzi du 2013ko aurrekontuek «lanbideak sortu, hazkunde ekonomikoa sustatu eta pobreziari aurre egitea» izan behar dutela helburu. «Ez dago nondik hartu aurkeztu dituzten aurrekontuak; gobernuak murrizketak saihesteko aukera izan du, baina, bistan denez, ez du aplikatu».

Behin eta berriz esan du Barcinak diru sarrerak ezin direla aldatu, eta horregatik «sarrerak nolako, aurrekontuak halako» egin behar direla. Urte honetan diru sarrera gutxiago izan dituztela azaldu du, eta hortaz, aurrekontua murriztu egin dela. «Zerga erreformarekin diru sarrera gehiago lortuko bagenitu, gastu sabaia aldatuko genuke», gaineratu du. Dena den, Barcinarentzat nahi «luza ez daitezkeen aurrekontuak dira, konfiantza sortzen dutelako». Gastua %8tik gora murriztea proposatzen du gobernuak 2013rako.

Aurrekontu «onartezinak»

Nafarroako ezker abertzaleak aurrekontuak «onartezinak» direla uste du. «Gizarte zerbitzuak eta eskubide sozialak murrizten dituzten bitartean justifikaezinak diren gastuak mantentzen dituzte, AHT eta Nafarroako Ubidea kasu», salatu du Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideak. Dioenez, PSNk argi utzi behar du zein den bere apustua: «Begi bistan geratu da zalantzan ibili direla aurrekontuen inguruan».

Sozialistek «sinesgarriak» izan behar dutela eta horretarako «egoeraz jabetu» behar dutela dio. Horregatik, «zintzo jokatzeko eta 30 urte baino gehiagoko inposizio egoerari buelta emateko» eskatu dio. Era berean, aurrekontuen eztabaidan PSNk «protagonismo handia» hartu duela ohartarazi du Intxaurragak, eta beste eragile sozial eta politikoak ere kontuan hartu beharko liratekeela nabarmendu du.

Horren harira, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak iradoki du ezker abertzalea eta PSN «elkarrekin itunak lortzen saiatzen» ari direla Nafarroan gobernua aldatzeko asmoz. Juan Jose Lizarbek ukatu egin du Urkulluk esandakoa, eta argi utzi du PSN ez duela inolako elkar ulertzerik ezker abertzalearekin. Intxaurragak, berriz, aitortu du PSNrekin kontaktua izan dutela baina «parlamentuko beste alderdi guztiekin bezala». UPNren ustez, PSNk «hasiera-hasieratik» ukatu beharko luke Urkulluk esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.